Emozioz betetako finalak santrokazetan

Anboto 2012ko mai. 21a, 09:28

Kadeteetan Aburuza eta promesetan Aizpurua izan ziren onenak Abadiñoko pilotalekuan jokatutako finaletan

Kadeteetan Aburuza eta promesetan Aizpurua izan ziren onenak.


San Trokaz Pilota Txapelketako finalak luzeak, gogorrak eta ondo jokatuak izan ziren. Kadeteetan Lesakako Olaizolak eta Martinezek 22-21 menderatu zituzten Lasarteko Labaka eta Aburuza ordu eta laurdeneko partiduan. Partiduaren azken txanpara arte nafarrak aurretik joan ziren (15-10). Ondoren, gipuzkoarrek partidua berdindu (19-19) eta aurretik ipintzea lortu zuten (19-21). Orduan Labakak huts egin zuen bi hormako batean eta arnasa eman zien nafarrei. Olaizolak sake zitalak atera zituen gehien behar zituenean eta horrek eman zien garaipena. Galdu arren azpimarratzeko moduko partidua jokatu zuen Aburuzak, atzean gutxi galdu eta asko eutsi zuelako.


Promesen mailan  (22 urtez azpikoak) Azpeitiako Etxanizek eta Aizpuruak 22-17 irabazi zieten Artolari eta Galartzari (Arama-Galdakao). Aurrelari biek ikuskizun aparta eskaini zuten, gantxo zehatz eta biziak tartean. Atzelariek ere ondo jardun zuten, baina Aizpuruaren joa eta segurtasuna nabarmendu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!