Gherttzainak: "Hertzainaken ezagunenak gehiago higatzen ez dugu kolaboratu gura"

Anboto 2012ko mai. 19a, 08:23

Ghetto taldetik sortutakoa da Gherttzainak. Lehengo taldeko lau kidek orain Hertzainak-en bertsioak egiteko boskotea osatu dute, bateria-jole berria gehituta. Atxondoko baserrian erantzun diete galderei Abaunza anaiek (Unaik eta Josuk) eta Mikel Azkaratek.

Ghetto taldetik sortutakoa da Gherttzainak. Lehengo taldeko lau kidek orain Hertzainak-en bertsioak egiteko boskotea osatu dute, bateria-jole berria gehituta. Atxondoko baserrian erantzun diete galderei Abaunza anaiek (Unaik eta Josuk) eta Mikel Azkaratek.

 

Zelan egin duzue Ghetto-tik Gherttzainak-era bidea?

Unai Abaunza: Ghettoko lau musikarik osatzen dugu Gherttzainak. Lehengo bateria-jotzailea Venezuelan dagoenez, kide berri bategaz dihardugu Gherttzainak-en. Aurten bateria barik egongo ginela aurreikusita, eta geldi ez geratzearren sortu dugu proiektua.

 

Nor da azken gehitu zaizuen bateria-jotzaile hori?

Josu Abaunza: Abadiñoko Ibai gehitu zaigu, Kruders eta Tribute to RIP taldeetan ere jotzen duena. Beti dago jotzeko prest.

 

Noiz hasi zineten honetan?

Mikel Azkarate: Bi-hiru hilabete izango dira hasi ginela.

U. A.: Oso erritmo ‘karibearrean’ goaz, baina. Tarteka, Ghetto taldeagaz jotzeko kanta berriak ere sortzen hasi gara.

 

 

Zelan sortu zen Hertzainak taldearen bertsioak egiteko ideia?

M. A.: Laugarren baxujoleagaz gabiltza, eta apur bat nekatuta geunden denei Ghettoren abesti berdinak erakusteaz...

U. A.: Eszedentzia hartzeko aprobetxatu dugu guk ere!

 

 

Zergatik Hertzainak?

M. A.: Formazioagatik, batetik. Jendeak inoiz komentatu izan digu Ghettok Hertzainaken antza daukala, eta horrela bururatu zaigu.

U. A.: Platerueneko Greatest Hits Gauan jotzeko aukera etorri zenean, aukeratu genuen Hertzainaken bertsioak prestatzea. Saxoa zeukan, eta denak koadratzen zuela ohartu ginen.

 

Zeren arabera aukeratu dituzue bertsionatuko dituzuen kantak?

M. A.: Ez dugu topikoak izan nahi, ez ditugu Hertzainaken kanta ezagunenak joko, horiek gehiago higatzen ez dugu kolaboratu gura.

J. A.: Aitormena kanta horregatik alboratu dugu, adibidez.

U. A.: Beharbada jendearentzat ezezagunak direnak ere joko ditugu. 564 kanta, instrumentalean joko dugu, esaterako. Kantei gure ikutua emango diegu.

J. A.: Izan ere, Hertzainakek ere kanta berdina bakoitzean era batean jotzen zuen!

 

 

 


Ghettoren bigarren diskoa grabatu gura dute datorren urtean

 

Hertzainak taldearen hamaika kanta eskainiko ditu Gherttzainak boskoteak, Abadiñoko San Trokaz jaietan, bihar. 

Trikitilari baten kolaborazioa izango dute Hertzainak kantarako. Iurretako Petite trikitilaria fitxatu dute. Esan dutenez, “bihar gauean geugaz kolaboratuko duen bertsolariren bat topatzea ere espero dugu”.
Gramones taldeko arabarrek ere joko dute, bihar, Zelaietan. New Yorkeko Ramones punk taldearen bertsioek itxiko dute Zelaietako San Trokaz jaietako bertsioen gaua.

Gherttzainak talde honetan eurekin bateria jotzen jardun duen Ibairi “agur duina” egitea gura dute datorren urtean. Eta baita Ghettoren bigarren diskoa grabatzea ere, estudioan: “Hertzainak taldearen hamahiru-hamalau kantako errepertorioa prest daukagunean Ghettorako dauzkagun ideiei forma ematen hasiko gara”. Datorren urtean, “Iñaki bueltatzen denean”, ekin gura diote grabazioari.

Platerueneko Greatest Hits Gauan eskaini zuen lehenengo zuzenekoa Gherttzainakek. “Jendea kantuan eta dantzan ikusteak asko motibatu gaitu hurrengo kontzertuei begira”. Biharkoaren ostean, Mendiolako jaietan joko dute, uztailean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!