Kadete zein promesetan final orekatuak aurreikusten dira gaurAbadiñoko frontoian.
Gaur, 16:30ean, San Trokaz pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Abadiñoko pilotalekuan. Kadeteetako eta promesetako txapelak zein bikoterentzat izango diren aurreikustea zaila da. Lau bikoteak sendo aritu dira orain arte.
Kadeteetan Olaizola eta Martinez Lesakako bikoteak Labaka eta Aburuza Lasartekoa izango du aurrez aurre. Olaizolaren errendimendua izan daiteke finaleko gakoa. Mutil handia da, jotzailea, eta partiduko erritmoa ezartzen asmatzen badu euren alde joango da partidua. Beste bikotean, Aburuzak atzean agindu beharko du Labakak errematerako aukerak izan ditzan.
Promesen finalean, Etxaniz eta Aizpuruaren aurka jokatuko dute Artolak eta Galarzak. Final honen berezitasuna da Iñaki Artolak orain urte bi atzelari arituta jokatu zuela txapelketa eta aurten aurrelari dabil. Ez da errematatzailea petoa eta seguruenik Galarzak eta biek atzean bilatuko dute tantoa.
Horiek horrela, Aizpuruari partidua luze egin dakioke. Urdinen esperantza aurrean dago; Etxaniz erramatatzailea da eta jokoa ahalik gehien nahasten saiatu beharko du. Sakeak ere izan dezake zeresana aurrelari biak sakatzaileak direlako.