Lazkanok irabazi du Durangaldeko bertso txapelketa

Anboto 2012ko mai. 14a, 10:09

Gorka Lazkanok irabazi zuen Zelaietako San Trokaz jaien bezperan, maiatzaren 11n, Abadiñoko probalekuan jokatu zuten Durangaldeko Bertsolari Txapelketaren finala

Durangaldeko Txapelketa 2012. 8H. Gorka eta Garikoitz from Kopla Barik TB on Vimeo.

Gorka Lazkanok irabazi zuen Zelaietako San Trokaz jaien bezperan, maiatzaren 11n, Abadiñoko probalekuan jokatu zuten Durangaldeko Bertsolari Txapelketaren finala. Pello Mugerza mallabiarraren eskutik jaso zuen Lazkanok txapela, eta zuzenean sailkatu da Bizkaiko txapelketan jarduteko.

\"\"

 

Guztira 415 puntu batu zituen Lazkano berriztarrak. Bigarren postua geldialdi luze baten ostean bertso txapelketara bueltatu zen Peru Madalena durangarrak eskuratu zuen. Lehenengo sailkatutako Lazkanok baino bost puntu gutxiago batu zituen Madalenak.

 

Durangaldeko Txapelketa 2012. 8H. Ander eta Peru from Kopla Barik TB on Vimeo.

 

Durangaldeko sei bertsolarik jardun zuten barikuko saio horretan batu ziren 150 ikusleen aurrean: Ander Salaberria, Garikoitz Sarriugarte, Eñaut Uruburu \'Lepotxo\' eta Julen Sololuze sailkatu ziren Lazkano eta Madalenaren atzetik.

 

Arratiako finala jokatu zuten maiatzaren 12an, Zeanurin, eta Iñaki Iturriozek batu zituen puntu gehien (390,5).

 


KRONIKA (Amaia Ugalde)

 

Gorka Lazkano eta Peru Magdalena irla bakarti baten elkartu dira Abadiñon, txapelketako buruz burukoan. Lazkano aspalditik zegoen bertan, bakarrik bizi zelakoan. Baina, nobedadea: Magdalena ikusi du, eta honek diotso 2.000 biztanleko herri bat dagoela  mendiaren atzekaldean. Bazekitela Lazkano bertan zebilela, eta uste zutela  bakarrik bizi zen hippya zela. Lazkanok ez du herrira gerturatu gura izan; ederto ezagutzen du  irla, eta bere bizimodu bakartiagaz jarraitu gura izan du.

 

Hippyak, bada, eskualdeko txapela  irabazi du. Puntuetan oso gertu izan du Magdalena. Azken urteotan txapelketan parte hartu barik egon eta gero, freskotasunez  bueltatu da Peru. Txispagaz ibili da, durangarrez kantatzen. Lazkanok saio erregularra egin du. Irla bakartian bezala, txapelketan daukan esperientzia erakutsi du, nahiz  eta saio biribila ez egin.  

 

Amoranteak eta gabarra

Berotasun apur bat falta izan zaio finalari, baina izan ditu puntu gorenak: Athleticeko gabarran angulak harrapatzen ibili dira Lazkano eta Sololuze. Salaberria eta Magdalena  maitale izan eta gero, morbo bako bikote bihurtu dira, eta Uruburuk Tarot kartetan bikoteak engainatzen duen ikusten ote duen galdetu dio Magdalenari. Honek baietz,  “orgia montau eben, bastante edarra/ atara eben kondoiek eta  baita gabarra / zu zara enteratu ez zaren bakarra”.  Aurretik kantatutako bertsoei erreferentzia ugari egin dizkiote saio osoan. Abadiñoko jaiak ere izan dituzte berbagai; bakarkakoan Sarriugarte ederto ibili da koadrilakoak etxean zituela eta santrokazetan juergan irtenda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!