Kamiseta gorria eta zapia jantzirik etorri da solasaldira Carlos Lozano. Sanprudentzioak ilusioz bizi ditu familia eta lagunekin. Koadrila handia da berea, urte askoan festan mugilduta ibilitakoa, ospatzen zein laguntzen. Koadrila mitiko horietakoa da, eta aurten jaietako protagonista ere bada.
Horrelako omenaldi bat ez da egunero jasotzen. Sorpresaz hartu al zenuten?
Niretzako gauza oso polita izan da. Ez genuen inondik inora espero. Gainera, ez geunden guztiok, batzuek arratsaldez lan egin zuten-eta.
Zenbat zarete koadrilan?
Hogeitik gora bai. Urtero bazkari bat egiten dugu eta horrelako talderen bat batzen gara. Orain lehen baino gutxiagotan egoten gara elkarrekin, bakoitzak bere bizitza egiten du-eta. Baina umeekin-eta taldea handitu ere egin da.
Zuena koadrila mitikoa da, beraz.
Guztiok gara herrikoak, betidanik. Jaietan laguntzen-eta ibili izan gara. Komatxoen artean, ‘urteetan gorantza’ ere bagoazela esango nuke... Nik uste ez daudela, lehenago legez, hainbeste koadrila.
Hainbeste lagun izanda, ez da erraza izango tragoak ateratzea...
Horretarako bi-hiru prestatuta dauzkagu koadrilan (barrez). Gaitza izaten da, eta jaietan gehiago. Ni, behintzat, potoa ez eroaten saiatzen naiz. Ez dut batere gogoko.
Oroigarri bat eman zizueten omenaldian. Osorik ailegatu al zen etxera?
Bai. Jaietako irudiagaz egindako koadro bat eman ziguten. Nire anaiak hartu zuen, eta segituan koadrilako beste batek eroan zuen etxera. Hainbeste lagun izatera, ez dakit zer egingo dugun beragaz (barrez). Batek esaten zuen bakoitzak urtebetez edukitzeko etxean, baina ez dakit ba.
Zelan gogoratzen dituzu jaietako lehenengo parrandak?
Ondo gogoratzen ditut Traña-Matienako jaiak, taldeko kamisetak ipintzen hasi ginenekoak. Asko gustatzen zait guztiok berdin jantzita joatea. Poztasuna ematen du.
r esango zenuke koadrilaz?
Ez da gauza bera bi lagunekin edo hamarrekin irtetea. Aurreko batean, bazkaltzera joan ginen umeekin, eta hamabost lagun elkartu ginen. Poteoan irtetea gustatzen zait. Gaur egun baldintzak ez dira berdinak, eta beste era batera disfutatzen duzu. Lehen, parranda egin eta 15:00ak arte ez ginen altxatzen. 18:00etan irten eta trago bat hartuta berriro martxan. Orain, umeak dauzkagunez, egunez ibiltzen gara gehiago, txopoan edota paella lehiaketan, esaterako. Lehen egitaraua ia begiratu ere ez genuen egiten.
Jaietan anekdota alaiak sortzen dira, baina tristeak ere bai...
Alairik ez zait orain bururatzen, baina ondo gogoan dut txopoa jausi zitzaigunekoa. Eguraldi txarra zegoen eta txopoa oso altua zen. Mutil bati jausi zitzaion gainera, eta ospitalera eroan behar izan zuten. Nik uste urterik txarrena izan zela.
Zelan joan dira aurtengo sanprudentzioetako lehen egunak?
Oso ondo. Oloteko su-ikuskizuna zerbait originala iruditu zitzaidan. ‘Aharien entzierroa’ ikusten nuen egitarauan eta galdetzen nuen neure baitarako ia zer ote zen. Harritu egin ninduen.
Zergatik uste duzu daukatela arrakasta hemengo jaiek?
Nik uste leku ona delako. Eremu ugari daude jairako. Bestalde, urteko lehenengo jaiak dira eta jendea gogoagaz etortzen da.
Oraindik geratzen zaizu festarako egunik.
Familiako bazkaria daukat eta akaso apur bat apartatuta egongo gara. Baina hartuko dut tarteren bat lagunekin batu eta zerbait hartzeko.