Marokon hasiko den Milenio Titan Desert lasterketan parte hartuko dute Egoitz Murgoitiok eta David Etxebarriak txirrindulariek. Mendi-bizikletan. Sei etapa. 680 kilometro. Lehenengoz parte hartuko dute, biek ala biek. Etxebarria azken hiru aldiak irabazi dituen Roberto Herasen taldean dago. Murgoitiok eta bere taldekide biek, Herasen hegemonia apurtu gura dute. Domekan hasi eta maiatzaren 4ra arte desertutik, Atlas mendietatik… ibiliko dira ahalegin betean.
Zeintzuk izango dira zuen taldeen helburuak?
David Etxebarria: Roberto Herasek lasterketa irabazi dezan lan egitea izango da gure zeregina.
Egoitz Murgoitio: Gure helburua justu kontrakoa izango da; Herasek ez irabaztea eta gure taldekoren batek irabazi dezan ahalegintzea (barreak).
Zelan sortu zitzaizuen lasterketa honetan parte hartzeko aukera?
D. E.: ONCE taldeko txirrindularien afari batean geundela iaz lasterketa hori lehiatu zuen Marcos Serranori komentatu nion niri ere gustatuko litzaidakeela probatzea. Handik denbora batera Roberto Herasen deia jaso nuen. Koplast-Unidos talde amateurreko zuzendaria ere banaizenez, egutegia begiratu nuen eta egun horietan lasterketarik ez geneukanez, baiezkoa eman nion.
E. M.: Lasterketa, aurretik ere ezagutzen nuen eta beti izan dut noizbait lehian aritzeko interesa. Andoni Balboak [taldeko ordezkarietako batek] eta Jose Luis de Santosek [Espainiako selekzioko hautatzaileak] komentatu zidaten eta onartu egin nuen.
Zer dakizue lasterketari buruz?
D. E.: Ia denek diote oso gogorra dela.
E. M.: Niri ere gogorra dela esan didate. Kilometro asko, bero handia, hareak gorputzeko atalak narritatu ditzake… Lasterketa berez sufrimendu handia bada, zauriak sortuz gero zer esanik ez.
D. E.: Zauriak arazo handia izan daitezkeke. Beroa ere ez zait gustatzen. Profesionala nintzenean euritan hobeto ibiltzen nintzen. Tenperaturarena erronka bat izango da niretzako.
Lehenengo aldia duzue eta irabazteko faborito diren talde banatan zaudete. Ez al da erantzukizun handia?
D. E.: Ez niretzako. Bai nik eta bai taldeak argi dugu zer eman dezakedan. Herasi esan nion hasierako kilometroetan lagundu nezakeela, baina ordutik aurrera ezetz. Fisikoki ez nago hasi eta amaitu laguntzeko moduan.
E. M.: Nahi nukeen bezain ondo ez naiz helduko, baina ondo nagoela uste dut, entrenamendu onak egin ditut eta badut zelanbaiteko erantzukizuna. Nire aldeko apustua egin dute lasterketan lehiatzeko nahiz hiruron artean lan ona egiteko.
GAES taldean argi dago taldeko burua. Lider Import-en?
E. M.: Printzipioz, lasterketa hasi aurretik, ez dago taldebururik. Denok maila berean goaz. Lasterketak berak ezarriko ditu buruak eta laguntzaileak.
Zelan prestatu duzue lasterketa?
D. E.: Hiru hile daroatzat entrenatzen: hasieran korrika eta pilotalekuan ere bai; gerora bizikletan, astean bost egunetan, egunero hiru-lau orduz. Ez nago espero bezain ondo, baina bai beldur barik joateko adina prestatuta.
E. M.: Ziklo kros denboraldia amaitu eta hilabeteko atsedena hartu nuen. Gero errepidean hasi nintzen bolumena hartzeko. Azken hiru asteetan mountain bike-agaz aritu naiz batez ere, bizikletara egiteko.
Bizikletak ohikoak dira?
E. M.: Gurpiletan dago aldea; 26 zentimetroko erradioa dutenak beharrean, 29koak eroango ditugu. Lasterketa laua da, taldean egitekoa eta abiadura bizietan jarduteko hobeak omen dira gurpil horiek.
Ibilbidean galtzeko arriskurik badago?
E. M.: Bai, badago, batez ere aurrean dabiltzanen artean. GPSa erabili daiteke. Aurreko urteetan, izan dira galdu direnak, baina aurten horrelakorik ez gertatzea espero dut, guri ez behintzat (biek egin dute barre).
David, zer errendimendu eskaini dezake Egoitzek?
D. E.: Aurrean egongo da, seguru. Seietatik etapa bat bereziki gogorra da. Horrelako egunetan esperientziak asko balio du eta GPSa ondo erabiltzen jakitea garrantzitsua da. Hori du kontran. Bestela seguru nago aurrean ibiliko dena.
Egoitz, zer errendimendu eskaini dezake Davidek?
E. M.: Ni seguru nago berak dioena baino hobeto dagoela eta gerra emango digula.
Zer bizipen bizita itzuli gurako zenukete?
D. V.: Lehiatzeaz gainera, esperientzia berria bizitzea gura dut. Lasterketa osteko giroa, iluntzekoa, ezerezaren erdian 400 lagun… Hori guztia bizi nahi dut.
E. M.: Beste hainbeste. Eguneko sufrimenduaren ondoren egongo da bromarako tartea ere, seguru.