Traña-Matienako jaien barruan estreinatuko dute, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko aurtengo aste nagusietan erakutsiko duten freestyle ikuskizun berbera da.
“Goi mailakoak izango dira motor pilotuak zein arrapalak”, azaldu du Aitor Martinez gidariak. Maikel Melero eta Pedro Moreno pilotuak etorriko dira, freestyle modalitatean gaur egun Espainian dauden piloturik onenak, Dani Torresen atzetik. Arrapalak, Madrilgo zezen plazan erabilitakoak dira, baita Gasteizko Buesa Arena eraberritua inauguratzeko ekitaldian ere: “Normalean 30 euro balio duen ikuskizuna dohainik egongo da Matienako plazan”.
Lehenengo saioa astelehen gauean egingo dute, 23:00etan, ekitaldirako beren beregi atondutako argiztapenagaz. Hurrengo egunean, 12:30etik 13:30era izango da bigarren saioa, plazan.
Martitzeneko saioak irauten duen artean lasterketa ofizialetako hogei motor eta autorekin osatutako erakusketa ere egongo da, pilotalekuan: 80ko eta 90eko hamarkadako klasikoak batuko dituzte, baita gaur egungo autoak eta motorrak ere, Igor Urienen eta Iban Tarsicio gidariena, esaterako. Martitzeneko saioaren ostean, Melero eta Moreno pilotuak ere egongo dira pilotalekuan autografoak sinatu eta argazkiak ateratzeko.
Umeendako Moltó lasterketa
Maiatzaren 1ean, 2 eta 5 urte arteko ume eta gaztetxoei zuzendutako motor lasterketa ere antolatu dute, Moltó deitzen diren motor txikiekin. Umeek 50 bat metroko ibilbidea egingo dute eta irabazleen artean dominak banatuko dituzte. Izen-ematea doakoa da eta 11:30ean hasiko dute Traña-Matienako plazan.