Eguraldi txarragaz ondo iobiltzen dela erakutsi du beste behin abadiñarrak: “Euria, txingorra... niretzako eguraldi ideala egin zuen”.
Zapatuan jokatutako Berako VIII. Mendi Maratoi Erdian “gustura” ibili zen Oihana Azkorbebeitia. Makina bat izango ziren eguraldi txarra (euria, txingorra eta hotza) maldizioka hartuko zutenak, baina ez zen abadiñarraren kasua. Baldintza horietara ederto moldatzen dela erakutsi zuen lasterketa irabaziz (1.45.48). Laura Sola eta Nerea Amilibia geratu ziren bigarren eta hirugarren. Gizonetan Didier Zagok irabazi zuen (1.24.22).
Denbora eskasa egiten zuenez, antolatzaileek Larrunerako igoera kentzea erabaki zuten. Horrela, 21etik 18 kilometrora laburtu zuten lasterketa eta Larrun igo beharrean inguratu egin zuten: “Lasterketa gogorra izan zen, baina gozatu egin nuen. Eguraldi hori ideala da niretzako”, onartu du Azkorbebeitiak.
Hurrengo hitzorduei buruz galdetuta Zegama-Aizkorri lasterketa aipatzen du, maiatzaren erdialdera jokatuko dena. Maiatzaren hasieran Euskadiko Mendi Lasterketen Txapelketan parte hartzeko asmoa ere badu.
Lariz hirugarren Mendaron
Bestalde, Iñigo Lariz elgoibartarrak (Mugarra Triatloi Taldeko kidea) hirugarren amaitu zuen Mendaroko II. Mendi lasterketan (1.58.01). Proba Imanol Goñik irabazi zuen (1.53.48) eta Manuel Merillas sailkatu zen bigarren (1.56.01).