Javier Fernandez Abadiñoko argazkilariaren lanak Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar museoan daude ikusgai.
Derechos izena du Fernandezek 2010eko urte amaieran bere herriko Errota kultur etxean ere ikusgai ipini zuen erakusketak. Bilduma horregaz, gizarteari kritika egin eta giza eskubideak irudikatu gura ditu. Argazki zuri-beltzak dira, eta xake piezak eta ohola erabiltzen ditu, horiek dira irudietan agertzen diren elementuak. Apirilean egongo da ikusgai erakusketa.
Salgai daude, gainera, Derechos erakusketan bildutako argazkiak: irabazien %50 nazioarteko Gurutze Gorria erakundeari eskainiko dio Fernandezek.
Urte amaieran, Asturiasen ere (Espainia) erakutsiko ditu argazkiok Javier Fernandezek, Genero Indarkeriaren Kontrako Egunaren eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Kazetaritza ikaslea eta argazkilaria da 24 urteko gazte abadiñarra.