"Bake eta lasaitasun ikaragarria da Urkiola"

Anboto 2012ko api. 2a, 08:14

Aste Santuagaz batera, Burdi-kurutze ostatuan bisitariak jasotzea itxaroten du Eli Bizkarralegorrak. Beharrean, eguna batera eta bestera pasatzen duen horietakoa da. Gauzak mimoz egitea gustatzen zaio. Urkiolan jaio, Elorriora ezkondu eta atzera Abadiño eta Otxandio arteko mendatera bueltatutakoa da

Aste Santuagaz batera, Burdi-kurutze ostatuan bisitariak jasotzea itxaroten du Eli Bizkarralegorrak. Beharrean, eguna batera eta bestera pasatzen duen horietakoa da. Gauzak mimoz egitea gustatzen zaio. Urkiolan jaio, Elorriora ezkondu eta atzera Abadiño eta Otxandio arteko mendatera bueltatutakoa da.

 

Oraintsu eraberritu duzue Burdi-kurutze ostatua.

Zazpi hilabete dira obra egin genuenetik. Antzina, burdien geraleku zen etxe hau, zaldiek atseden hartzeko. Gero korta legez ezagutu nuen; taberna ere izan zen, eta azkenean aitak erosi zuen. Bizkarra jatetxea hotela izan zen, eta eraberritzea pentsatu genuen, baina azkenean aitak erositako etxea zabaltzea erabaki genuen. Hiru gela dauzkagu. Lan handia egin dugu eraberritzen, bezeroa etxean bezala sentitzea gura genuen-eta. Azken batean, hori da denok nonbaitera goazenean sentitu gura duguna.

 

Internetegaz, egun batetik bestera egin daiteke erreserba...

Batzuetan horrela izaten da. Baina arriskutsua ere bada, beteta egon daitekeelako. Bartzelonako, Madrilgo eta Frantziako jende gehiagok ezagutzen gaitu, eta hori atzerritarrek interneten aukera dutenaren seinale da. Webgunea daukagu, eta hortik ezagutarazteko ahaleginetan gabiltza; ingeleraz eta alemanieraz ere ematen dugu informazioa bertan. Normalean, egun pare baterako hartzen dute lekua; oso gutxi dira astebeterako datozenak. Erdigune legez eta Bilbora edo Gasteizera mugitzeko helburuz hartzen du askok hemen lekua. Hemengo bezeroen kasuan, opari legez asko erabiltzen da gau bateko estantzia, afariagaz eta gosariagaz.

 

Ostatuaz gainera, beste lan askotan ibiltzen zarete.

Hemen eguna ez da luzea izaten niretzat. Jatetxea 09:30ean irekitzen dugu, eta itxi 21:00ak bueltan; batzuetan 23:00etan, jendearen arabera. Goizetan sukaldean ibiltzen naiz, eta ahizpa barran eta mahaietan. Asteburuetan beste laguntzaile bat etortzen da, eta gizona eta semeagaz guztia kubritzen dugu. Semeak gazta egiten du, gainera. Orain, menu eta plater konbinatuez aparte, etxerako zerbitzua ere ematen hasi gara, katering estiloan. Hori bai, gure jatekoa berezia da: txerri hankak bizkaitar eran, tripakiak, muturrak, lehenagoko untxi-menestra eta almandrongilak... Guztia nire amama eta amak egiten zuten erara, eta presio-eltze barik. Ogia, opilak eta bizkotxoak ere geuk egiten ditugu. Bizkotxoak arrakasta itzela dauka.

 

Zer gomendio ematen diezu zure gonbidatuei?

Lehenengo eta behin zenbat ibili gura duten galdetzen diet. Gutxi ibili gura dutela?, bada gurutzeetara paseotxo bat egin dezakete eta lasai egon. Beste pixka bat ibili gura dutela?, bada Saibigainera igotzea proposatzen diet. Apur bat gehiagorako, Larrano. Arriskua gura dutenak Deabruaren zubira joaten dira, baina txikitan joan nintzen eta ez zait gustatzen; momentu txarra pasatu nuen. Teilamendi, akaso ez da mendi politena, baina han goitik guztia zoragarri ikusten duzu. Niri hori da gehien gustatzen zaidana.

 

Egoera ekonomikoa ez da askoren lagun gaur egun...

Azken hilabeteetan asko igarri da. Arrasateko autobidearen irekierak ere jende asko kendu digu. Gauzak aldatzen dabiltza; lehengoa baino bizimodu azkarragoa daroagu. Lehen ere bizimodua azkarra zen, baina lasaiago bizi ginen. Uste dut ez dugula lehen bezain beste gozatzen. Bizimodu hau gogorra da. Beherakada momentuetan, bisita-liburuan bezeroek idatzitakoa irakurtzen dut, eta pila bat animatzen nau.
 

Urkiola mendatea kontuz ibiltzekoa zen atzerago.

Konponketa hoberako izan zen. Bihurguneak oso zabalak dira, eta ederto dago. Ez diot inoiz beldurrik eduki, baina karneta 46 urtegaz atera nuen. Atera ezean, hemen geratzen zara geldirik! Normalean oso urduria naiz, baina errepidean lasai ibiltzen naiz, beste pertsona bat naiz.

 

Betidanik hemengoa izanik, zer da zuretzako Urkiola?

Bake eta lasaitasun ikaragarria. Lo egitera-eta etortzen direnek ere gauza bera esaten dute. Asteburuetan apur bat aldatzen da, baina arratsalderako berriro lasaitzen da giroa. Izan ere, orain kontrol ugari dago, eta ezin daiteke edan. Lehen igoal 23:00ak arte egoten zen jendea, baina egun ez dago trago luzerik. Ezkontza bat edo antzeko ospakizunen bat bada bai, baina autobusean jaisteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!