"Lagunartean aritzeak motibatu egiten zaitu"

Anboto 2012ko mar. 13a, 08:19
Gaztañodiko bazkideak dira Ander, Ane eta Josu. Beste 36 lagunegaz batera, Abadiñoko Zelaieta auzoan txokoa sortzeko lanetan dabiltza, eta oraindino kide gehiago batzea espero dute. Lokaleko obra hastear dela, lagunartean lapiko, zartagi eta labeagaz eskulanean ibiltzeko gogotsu topatu ditugu

Gaztañodiko bazkideak dira Ander, Ane eta Josu. Beste 36 lagunegaz batera, Abadiñoko Zelaieta auzoan txokoa sortzeko lanetan dabiltza, eta oraindino kide gehiago batzea espero dute. Lokaleko obra hastear dela, lagunartean lapiko, zartagi eta labeagaz eskulanean ibiltzeko gogotsu topatu ditugu.

 

Nondik dator txokoa sortzeko ideia?

A.E.: Kaletik. Zelaietan elkarte gastronomikorik ez zegoela-eta komentatzen hasi ginen duela urtebete inguru. Batak besteagaz komentatu, lokalak begiratzen hasi eta hortik sortu zen ideia. Jendea prest zegoela ikusita, aurrera jotzea erabaki genuen.

 

 

Zenbat lagun elkartu zarete, momentuz, egitasmoan?

J.A.: Gaur egun 39 lagun gara eta 60 bazkide izatera heldu gura dugu. Herritarren artean lekua dagoela zabaldu gura dugu. Herrigunean denez, ez duzu autorik hartu behar eta hori abantaila da. Behar bat dago honen atzean, eta gogo handia ere bai.

 

Adin eta egoera askotako jendea dago bazkideen artean...

A.G.: Umeak ditugunok, adibidez, beti izaten dugu ospakizunen bat, eta etxeetan batzea arazoa izan ohi da. Leku aproposa da halakoetarako, baita lagunekin egoteko ere. 200 metro koadro dauzka, eta 80 lagunentzako lekua dago.

 

Noizko itxaroten duzue lokala zabaltzea?

A.G.: Baimen baten zain gaude, eta segidan beharrekin hasiko gara. Maiatzean obragaz hasiz gero, urte amaiera baino lehen zabaltzea aurreikus daiteke. Orain artean elkartea edo taldea sortzeko lanetan ibili gara.

 

Azkeneko baimena baino ez zaigu falta.

J.A.: Arauak ipintzeko-eta eztabaidan ere ibili gara. Esaterako, bazkidearen bikoteak txokoa erabiltzeko eskubide berberak edukitzea erabaki dugu.

 

Izena zelan bururatu zaizue?

A.E.: Parkea bera da Gaztañodi. Batzar batean irten zuen ideiak, eta inork ez zuen kontrakorik esan; beraz, denak gustura.

J.A.: Lorategi barruan gaztainondo zahar bat zegoen aspaldi; nik ezagutu nuen. Leku ona da, erreka aldera ematen du eta lasaia da.
 

Sukaldean esperimentatzeko aukera izango duzue.


A.E.:
Nik, adibidez, etxean oinarrizko gauzak egiten ditut normalean, baina lagunekin egonda gehiago sakontzeko  aukera daukazu.


J.A.: Lagunartean aritzeak motibatu egiten zaitu, nire ustez.

A.G.: Zirikatzeko ere balio dezake; jende asko egon daiteke bertan eta neurria eman beharra dago! (barrez).

 

Zer plater duzue gustukoen?

A.G.: Barazkiak, orokorrean. Orain okelaz beteriko berenjenak egitea pentsatzen nabil.

A.E.: Pasta hainbat eratara gustatzen zait. Roquefort gaztagaz, esate baterako.

J.A.: Nik elkartean bakailaoa egingo nuke, bere saltsa eta guzti. Baina tira, egunez egun gauza desberdinak probatzen joango garela uste dut.

 

Eta, edateko?

J.A.: Urteko ardoa da onena, baita kriantza ere.

A.G.: Nafarroan ere sekulako ardoak egiten dira orain. Hori ere ez da faltako.

A.E.: Ni ez naiz oso ardozalea, bazkari bereziren batean ez bada ez dut edaten; beraz, garagardoaren alde egingo dut.

 

Zelan eman daiteke izena?

gaztanodi.elkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidali edo deitu 616 56 53 62 zenbakira!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!