Abadiñoko Lagun eta Alkideba Saltzaileak taldeek 12 puntuko abantaila dute hurrengoekiko; gaur elkarren aurka jardungo dute.
Orain sei urte sortu zen Abadiñoko Lagun, eta harrezkero igoera bi lortu ditu. Aurten estreinako denboraldia du goren mailan eta lider dago, Ermuko Alkideba Saltzaileak taldeagaz 40 puntura berdinduta; Presion Break hirugarrena12 puntura dute. Ematen du euren artean daudela igoera eta promozio postua. Asteburuan elkarren kontra ariko dira Ermuan, eta bipolioa euren aldera eramaten saiatuko dira abadiñarrak, igoera zuzena ematen duen lidertzaren bila.
Lehen itzulian, etxean, Lagunek 2-1 menderatu zuen Alkideba eta averageari eustea ere garrantzitsua litzateke. Abadiñoko taldeak zortzi garaipen daramatza segidan, eta sasoian daude, baina Jon Jimenez taldeko kideak “sufrimendua” berba darabil bolada definitzeko, batez ere, izandako lesioengatik: “Sarritan aldaketa bigaz bakarrik ibili gara, jokalariei atsedenik eman ezinik; partidak irabazi ditugu, baina ederto sufrituz”.
Kantxa negargarria
Salatu dutenez, jokalarien ongizatea zaintzeko ez du askorik laguntzen Traña-Matienan entrenatzeko darabilten kantxa berriak ere; jokatu, Berrizen jokatzen dute. Negu partean han egiten duen hotza itzela bada ere, zoru klasea da Jimenez haserretzen duena: “Orpoak txikitu egiten ditu. Taldekide batek orpoan hiru zaintiratu eduki ditu dagoeneko, aurreko bost urteetan izan ez dituen guztiak. Beste hiru-lau taldekide ere antzeko minekin dabiltza”. Abadiñoko alkateagaz berba egiteko asmoa dutela iragarri du.
Elorrioko eta Mallabia
Maila bi gorago, Elorrioko Buskantzak eta Mallabia Hierros Servandok derbia jokatuko dute. Elorrioko bolada onean dabil. Mallabia liga hasieran baino apalago ari da eta joan zen asteko Santurtziren kontrako garaipena (6-1) ondo etorriko zaie konfiantza berreskuratzeko.
Bestalde, lehen erregionalean, Sapuberrik igoera postua defendatuko du Iurretako Dantxariren kontrako derbian.