"Maketakoekin alderatuta, indar handiagoa daukate kanta berriek"

Anboto 2012ko urt. 31a, 08:17

Otsailaren 4an, Sanblas jaietako Txosnagunean, Arcada Social eta Itziarren Semeak taldeen aurretik joko dute 19 eta 23 urte bitarteko Kruders taldekoek kontzertua. Orain lau urte, Mañariko maketa lehiaketa irabazita egin zuten lehenengo grabazioa. Disko berria prest daukate, masterizatu, kopiak egin eta kaleratzeko

Otsailaren 4an, Sanblas jaietako Txosnagunean, Arcada Social eta Itziarren Semeak taldeen aurretik joko dute 19 eta 23 urte bitarteko Kruders taldekoek kontzertua. Orain lau urte, Mañariko maketa lehiaketa irabazita egin zuten lehenengo grabazioa. Disko berria prest daukate, masterizatu, kopiak egin eta kaleratzeko.

 

Zelan prestatu duzue Sanblasetako kontzertua?

 

Laster kaleratuko dugun disko berriko kantak eta Brigada Criminal, Cock Sparrer, Oxymoron eta Special Crew taldeen bertsioak joko ditugu, besteak beste. Gogo handiz gagoz kontzerturako; gainera, guretzat erreferentzia izan da Arcada Social: orain urte batzuk Greatest Hits gauan jo genuen Arcada Socialen kanta bat.

 

Diskoa prest daukazue ia, ezta?

 

Udan grabatu genuen diskoa, baina baxuaren grabazioagaz arazoak izan ditugu, eta berriro grabatu behar izan dugu. Atzeratu egin du horrek dena. Hemendik hiru hilerako edo itxaroten dugu prest edukitzea, diseinua ere eginda daukagu. Diskoa masterizatzea falta da, eta kopiak egitea.

 

Zelan sortu zaizue diskoa kaleratzeko aukera?

 

Gure kontura aterako dugu: diru gutxigaz. Iditu Records-en egin genuen grabazioa; asteburu bitan, ahalik eta arinen. Egia esan denbora gutxiegi eduki dugu grabazioa egiteko.

 

Hasierako kantak ere jaso dituzue disko honetan?

 

Bederatzi kanta dira, gehienak iaz egindakoak,  baina badago taldearen hasieretan egindako besteren bat. Azkeneko urte bietako lanaren emaitza da diskoa.

 

Ezagutzen ez zaituzten bati zer esango zenioke zuen musikaz?

 

Punk-rocka da, baina gure ikutua ere badaukana. Uste dugu disko honetan gure estiloa definitzea lortu dugula. Geu gara erroan, baina disko hau askoz landuagoa dago maketa baino. Bost urtean aurrera egin dugu, eta igarri egingo da hori diskoan.

 \"\"

Zer dauka disko honek maketa hark zeukanik?

 

Indar handia dauka, batetik, eta geu ere taldeago gara, zelanbait. Letrak ere asko gehiago sakondu ditugu disko honetarako.

 

Kontzertuetarako gogotsu?

 

Bai! Diskoa kaleratu arte ez genuela kontzerturik eskainiko esan genuen, baina diskoa asko dabil berandutzen, eta ez dugu gehiago itxaron gura. Oraingoz, Sanblasetan eta Oviedoko etxe okupa batean joko dugu.

 

Taldea bera ere aldatu egingo zen bost urteotan...

 

Askoz hobeto gabiltza orain: jotzen askoz gehiago disfrutatzen dugu, ikasteko ere asko daukagun arren... Diskoa ateratzea pentsatu aurretik, geldirik egon ginen denboraldi bat pasatu genuen, txarto geunden talde moduan. Kontzertuak prestatzeko entseatzen genuen, baina ganora barik genbiltzan.

 

Zer helburugaz ekin zenioten diskoa prestatzeari?

 

Kanta zaharrekin aspertuta geunden, eta aurrerapausoa ematea erabaki genuen. Erronka izan da: Diskoa grabatzeko data bat ipini genuen, eta kostatu zaigun arren lortu dugu. 

 

 

 

 

 

Lagunei, heriotzari, minbiziari... buruzko punka

 

Orain hiru-lau urte kaleratu zuten maketaren ondoren, lehenengo diskoko kantetarako sortu dituzten letrei buruz, “ez dira betiko gaiak” diote Kruders boskote abadiñarreko kideek. “Lagunei buruz asko”, heriotzari buruz, edota “Durangaldean tasa oso altua daukan minbiziari buruz” idatzi dute, esate baterako. 

 

Bi aurpegiko jendea deitzen den kantaren letrak “zapatu gau askotan belarria berotu eta hurrengo egunean agurra ukatzen duzu” dio, adibidez. Entzule bakoitzak bere erara interpretatuko duen arren, orain urte batzuk El Correo egunkariari elkarrizketa eskaini izanagatik jende batek hartu zuen jarrerari erantzun guran idatzi zuten. “Asko kritikatu gintuzten”, diote.

 

Letretarako ideiak denon artean lantzen dituztela azaldu digute, eta abeslariak idazten dituela gehienetan. Kontatu digutenez, estudioan bertan idatzi zuten diskoko letretako bat: “Erdi eginda geneukan, baina oso trabatuta geunden kanta horregaz, eta grabatzeko hiru ordu falta zirela prestatu genuen”. Euskaraz hasten da kanta, baina estribilo bat inglesez eta gazteleraz da.

 

Morir viviendo izenburuagaz kaleratuko duten diskoa ahalik eta merkeen saldu gura dute: euren poltsikotik ordaindu duten gastua parekatzeko. 

 

Oviedora doazenmoduan, Euskal Herritik kanpora beste leku batzuetara euren doinuak zuzenean eskaintzera joatea gustatuko litzaiekeela esan digute: Berlin aipatu dute, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!