Aurten gauetik egunera lako aldaketa izan dau Ander Iturrasperen egoerak Athletic futbol taldean. Iaz minutu gutxi jokatzetik, Ander Herreragaz zelai erdiko bikote sendoa osatzera pasatu da.
Oraindik bolo-bolo dabil kalean Bartzelonaren kontrako neurketa. Zelan gogoratzen duzu?
Partida intentsoa izan zen. Talde ausarta izan ginen, izaera erakutsi genuen, eta azken unean berdindu egin zuten norgehiagoka, nire huts bategaz.
Zure hutsa izan zela uste duzu?
Iraizozek ozen eskatu arren, partidan geneukan tentsioagatik-edo, ez nuen entzun. Atezainaren baloia zen. Pena da, baina futbolean horrelakoak gertatzen dira.
Bielsaren sistema barneratuta daukazuela esan daiteke?
Guk argi izan dugu proiektu honek denbora behar zuela. Hasieran, emaitzak ez ziren aldekoak izan, baina konfiantzaz eta lana asko eginda gora egin dugu.
Haizea kontrako norabidean zetorrenean dudarik sortu zen?
Ez. Caparrosen eta Bielsaren proiektuek ez dute zerikusirik. Ez diot Bielsarena hobea denik; erabat desberdinak direla diot. Denbora behar izatea normala da.
Hamar partida galdu barik, eta Europa League-n multzoburu. Zaleak ilusionatuta daude.
Bai, somatzen dugu. Joan zen domekan ere ikusi zen; Bartzelonaren kontra berdindu arren, zaleek gehiago gura zuten. Guri gogo hori heltzen zaigu, eta indarra ematen digu proiektua hazten joan dadin. Hala ere, denak du bere oreka: liga hasieran ez ginen hain txarrak, eta orain ere ez gara onenak. Oinak lurrean, lanean jarraitu behar dugu.
Athleticen lehen taldean zaudenetik unerik gozoena bizi duzu?
Bai. Jokalari batek desio duena partidak jokatzea eta entrenatzailearen konfiantza izatea da. Nik momentu honetan biak ditut, eta pozik nago.
Iaz justu kontrako egoeran aurkitu zenuen zure burua.
Jokalari asko gaude, eta denek ezin dute jokatu; iaz egoera hesiaren beste aldetik bizitzea egokitu zitzaidan. Momentu txarrak pasatzen dira halakoetan, baina ikasi ere egiten da; indartsuago egiten zaitu. Hemendik aurrera, minutu gutxi jokatzea egokitzen bazait, badut esperientzia eta badakit zelan jokatu.
Oraintsu, 2015era arte luzatu duzu kontratua Athleticegaz.
Aspalditik nago Athleticen, eta nire desioa hemen, klub honetan jarraitzea zen.
Iaz uneren batean pentsatu zenuen kontrakorik?
Nik argi nuena da ezin nintzela beste urtebetez jokatu barik egon; jokalari moduan garapena apurtzen zidalako, aurten kontratua amaitzen zelako… hainbat arrazoiengatik. Caparrosek jarraitu izan balu, ez dakit nire etorkizuna zein izango zen. Nigan konfiantza zuela zioen, baina ez zuen erakusten, eta horrek jokalari bati eragin egiten dio. Batek daki non egongo nintzen une honetan gauzak beste modu batera eman izan balira.
Sarritan bikotea osatzen duzu Ander Herreragaz. Zelan konpontzen zarete?
Oso ondo. Dohain asko eta oso onak ditu. Gainera, nik aspalditik ezagutzen dut, hamar urte genituenetik elkarren kontra sarritan jokatu izan dugulako; zelaiko gune berean jokatzen dugunez, askotan topo egin dugu.
Rayo Vallecanoren kontra estreinatu zinen golegile moduan, ligako lehen partidan.
Itzelezko sentzazioa izan zen; gaitza da berbekin azaltzea. Ea laster errepikatzen dudan.
Dioten bezain metodikoa da Marcelo Bielsa?
Bada, bai. Entrenamenduetako ariketa batean posizioa galduta ikusten bazaitu, metro bategatik bada ere, konturatuko da eta zuzenduko zaitu. Perfekzionista eta zorrotza da. Bartzelonaren partidaren aurretik, banan-banan esan zigun bakoitzarengandik zer itxaroten zuen.
Zuri zer esan zizun?
Zelaian asko presionatzeko, baloiagaz pertsonalitatea erakusteko eta ausart jokatzeko esan zidan.
Txoritxo batek esan dit despistatua zarela.
Harrapatuko dut, bai, txoritxo hori. Anekdota bat kontatuko dizut. Iaz Bartzelonako hotel batean geundela afalordura berandu heldu nintzen, lo geratu nintzelako. Txandalean jaitsi behar genuen eta, zapatillak aurkitu ez eta zapatak jantzi nituen txandalagaz batera. Taldekideek ikusi nindutenean, txaloka hartu ninduten. Dena dela, nire alde esan behar dut aurten asko ikasi dudala, eta egiten nuena taldeko giro ona mantentzeko egiten nuela (barrez).