Abadiño sokatira taldeak asteburu honetan ekingo dio denboraldiari. Abendura bitartean lauko txapelketetan murgilduko dira eta urtarriletik aurrera zortzikoei ekingo diete. Aurtengo helburua garbia da: iaz goma gainean galdu zuten hegemonia berreskuratzea.
Iaz arte goma gainean ez zen itzalik egingo zienik; zortzi urtez segidan zortzi tiralariko pisu guztietako txapelak jantzi zituzten. 2011ko otsailean erregetza hori hautsi egin zen; 640 kilora artekoan hirugarren geratu ziren Sokarri eta Ibarraren atzetik. Aurten iazko taldeari eutsi diote eta entrenemeduak zein prestaketa zorroztu egin dituzte: “Gogorrago ari gara; talde osoa kontzientziatuta dago eta serio ari da lanean. Berriro goma gaineko erreferente izatea lortu gura dugu”, dio Edu Mendizabal entrenatzaileak.
Asteburu honetan eta hurrengoan 320 kilora artekoa kanporaketak lehiatuko ditu Abadiñok; hiru talde aurkeztu dituzte txapelketara. Finala azaroaren 19an jokatuko da.
Tiralari berri bi
Iazko taldeari eusteaz gainera, aurten tiralari berri bi batu dira taldera: Jon Gorospe foruarra eta Igor Altuna eibartarra. “Gu bila joan beharrean eurek erakutsi zuten sokatira probatzeko interesa eta guk beso zabalik hartu ditugu”, dio Edu Mendizabalek. Foruan sokatira talde bat eratu zuten eskualde hartako txapelketa batean parte hartzeko eta horixe da Jon Gorospek sokatiran duen esperientzia bakarra. Igor Altunak lehenengo esperientzia izango du; aurretik Arrasate Rugby Taldean eta Zarauzko arraun elkartean jardundakoa da.
ARGAZKIAK: Lehenengo; aurtengo taldea. Bigarrena: Jon Gorospe foruarra.