Barikuan, 19:00etan, Euskadiko buruz buruko trinkete txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte Abadiñoko trinketean. Finalaren atarira heldu diren lau pilotarietatik hiru etxekoak dira: Rober Uriarte eta Ander Antxia abadiñarrak eta Mikel Gonzalez berriztarra. Laukotea Mikel Rafael arabarrak osatzen du.
Barikuko lehenengo finalerdian Mikel Rafael eta Rober Uriarte lehiatuko dira. Rafaelek Migeltxo Lopez de Egilaz kanporatu zuen Bilboko Miribilla trinketean jokatutako final-laurdenean (40-29). Rafaelek iazko urte amaieran eman zuen ezker hormatik trinketerako urratsa, eta denbora gutxian gora egin du. Rober Uriartek ere erraz irabazi zion Mikel Landari (40-17).
Bigarren finalerdian Mikel Gonzalez eta Ander Antxia neurtuko dira, eta batak zein besteak ezingo dute nekea aitzakia moduan erabili, Uriartek baino errazago lortu zuten-eta sailkatzea. Antxiak 40-15 kanporatu zuen Lier Gandiaga, eta Gonzalezek 40-12 Inhar Ugarte.
Finala zein hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida azaroaren 11ko barikuan, 19:00etatik aurrera, jokatuko dituzte Abadiñoko Tornosolo trinketean.