Illart Zuazubiskar kontinental mailako Orbea taldean ibiliko da 2012an. Euskaltel-Euskadira heltzeko azken aurreko urratsa da Orbea. Aurpegia ematen eta taldeari laguntzen ahaleginduko da.
DATUAK Izena: Illart Zuazubiskar IBILBIDEA
Adina: 21 urte
Herria: Abadiño
- Elorriaga taldea: 12 urtetik 18 urtera
- Seguros Bilbao taldea: 18 urtetik 21 urtera
- Orbea taldea: Datorren denboraldia
Noiz deitu zizun Orbeak probak egiteko?
Uztailean taldeko zuzendari Santi Barrancok deitu zidan, esfortzu proba bat egiteko. Urtebeterako kontratua abuztuan sinatu genuen.
Gogoratzeko moduko eguna...
Lehenengotan ezin nuen sinestu. Betiko amets bat egia bihurtu zitzaidala sentitu nuen.
Euskaltel-Euskadiren bigarren taldea da Orbea. Horrek gehiago motibatzen du txirrindularia?
Bai. Ondo lan eginez gero aukera hori etorri daitekeela badakigu. Hori sumatzen da. Horrelako taldeek badituzte berezitasunak. Garrantzitsuena taldeari laguntzea da, baina interes propioak ere badaude; denok gura ditugu postu onak lortzea lasterketetan.
Taldekide berriekin zelan aurkitu zara?
Oso gustura. Bost txirrindulari berriak dira eta denak ezagutzen ditut, bi-hiru urtean lasterketa askotan topo egin dugulako. Egia esanda, besteekin ere jardun izan dut eta denok gara ezagunak.
Iaz zelan ibili zinen?
Denboraldi hasieran ondo ibili nintzen, udaberrian alergiak erasan zidan arte. Beheraldi horretatik errekuperatu ondoren, berriro maila onean jardun nuela uste dut.
Alergiak asko eragiten du errendimenduan?
Euria egin dezan errezatzen egoten naiz sarritan. Dena dela, gaitza da ekiditea; udaberrian eguraldi txarra eginda libratzen bazara, udan egokituko zaizu. Eragiten duen? Batzuetan bai. Esaterako, aurten Laukizko lasterketa batean beste bategaz ihes eginda nindoala, helmugarako bost kilometroren faltan atzean geratu nintzen, gorputzaldi txarrak eraginda. Hurrengo egunean Gorlan korritu nuen euripean, eta askoz sasoikoago aurkitu nintzen.
Jose Antonio Ardanza Euskalteleko presidenteak aipatu izan du ez dakiela txirrindulari taldea finantzatzeko moduan egongo diren 2013tik aurrera.
Entzun dut, baina ez dugu komentatu gure artean. Onena horretan ez pentsatzea da; guk gurean kontzentratu behar dugu, ahalik eta errendimendurik onena eskaini behar dugu.
Zer iruditu zaizu Euskaltel-Euskadiren denboraldia?
Nire ustez, denboraldi ona izan da, garaipenak txirrindulari askoren artean banatuta egon direlako eta, gainera, hiru handietan lasterketak irabaztea lortu dutelako; Giro, Tour eta Vueltan. Aurreko denboraldietan garaipenak txirrindulari gutxiren artean lortzen zituzten.
Zeintzuk dira zure dohainak eta zertan hobetu behar duzu?
Ihesaldiak sortu daitezkeen ibilbide gorabeheratsuetan ibiltzen naiz ondoen. Igoeretan, aldiz, gehiago eman dezakedala sentitzen dut. Elikadura zainduz gorputza findu zait, eta asko igartzen dut. Mendian aurten inoizko sentzazio onenak izan ditut. Erlojupekoa ere gustatzen zait.
Erlojupekoetan eta sprintean espezialista gutxi dago Euskal Herrian.
Kadeteetatik aurrera lasterketa denetan mendateak daude, eta gehienetan taldetxoak ihes eginda heltzen dira; ia inoiz ez sprintean. Erlojupekoari dagokionez, afizionatuetan Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak bakarrik daude. Horrela gaitza da. Ni pistan ere ibiltzen naiz, eta horrek laguntzen dit.
Zer moduz pistan?
Kadeteetatik nabil. Euskal Selekzioagaz Espainiako Txapelketan parte hartu dut hainbat urtetan. Ondo defendatzen naiz, eta gustura joan izan naiz.
Hainbat txrrindularik elkarrekin entrenatzen duzue sarritan. Zer gomendio eman dizkizute?
Ruben Perez, Pedro Horrillo, Koldo Fernandez de Larrea, Egoitz Murgoitio… asko batzen gara. Ez ezkutatzeko esaten didate, pelotoi erdian gaitza dela goikoen arreta erakartzea; lasterketaren bat irabazi badezaket, aurrera egiteko eta beti adi egoteko; ezin badut, taldeari laguntzeko eta borondatez jokatzeko. Sekula ez dut arazorik izan taldearentzat lan egiteko. Norberak bere tokia bilatzen saiatu behar du. Mendian gora onenak badoaz eta taldekide batek aukera handiagoa badu, berarentzat lan egingo dut. Horrela izan behar du.