Abadiño igoeraren bila, indarrak ondo orekatuta

Anboto 2011ko urr. 19a, 08:25

Abadiñok gaztetasuna esperientziagaz orekatu du; bestetik iaz baino talde zabalagoa osatu du liga amaierara sasoian heltzeko

Abadiñok gaztetasuna esperientziagaz orekatu du; bestetik iaz baino talde zabalagoa osatu du liga amaierara sasoian heltzeko.

 

Iaz denboraldi txukuna osatu zuen Abadiñok bigarren erregionalean, eta azkeneko zazpi jardunaldietara arte goian ibili ziren. Faktore bik eragin zuten azken uneko errendimendua apalagoa izatea. Batetik, taldea urria zen, eta jokalariak “apur bat erreta” heldu ziren azken txanpara, Oier Gonzalez entrenatzailearen esanetan.

 

Bestetik, talde gaztea ere bazen, eta esperientzia falta zitzaion. Akatsak identifikatuta, fitxaketak bide horretatik burutu dituzte eta, oraingoz, badirudi asmatu dutela, hiru garaipenekin hasi dute-eta denboraldia.

 

Aurten 24 jokalarik osatzen dute Abadiño futbol taldea, eta horrek lesioen aurrean irtenbideak ematen dizkio entrenatzaileari: “Postu bakoitzean hainbat aukera ditugu”, dio Gonzalezek. Datu adierazgarri bat: lehenengo jardunaldian deialditik kanpora geratu ziren hainbat jokalarik titular jokatu zuten hurrengoan.

 

Oraingoz Lekeitio (0-2), Lezama (1-0) eta Itugarpe (2-4) menderatu dituzte, eta lider daude Berango eta Zamudiogaz batera. Liga hasi besterik ez da egin, baina Gonzalezek helburuak argi ditu: “Iaz azkeneko txanpara arte goian mantendu baginen, aurten igoerako postuen borrokan ibili gura dugu”.

 

Asteburuan Mungia azken sailkatua hartuko dute etxean. Teorian irabazi beharreko neurketa da, mungiarrek ez dutelako punturik, baina Gonzalez ez da fidatzen: “Maila parekatua da, eta irabazteko ehunik ehunean jokatu beharko dugu”.

 

Ezkurdik hasiera ona

Durangoko Ezkurdi futbol taldeak ere Abadiñoren pareko hasiera izan du hirugarren erregionalean. Hirutik hiru garaipen; Amorebieta eta Otxarkoagaren kontrakoak bost gol sartuta irabazi ditu, eta Ermua B 2-0 menderatu zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!