Heldu da eguna. Zapatuan, 18:00etan, Traña-Matienako Trañabarren kalean (Santander bankuaren parean) hasiko du Jon Karrok 24 ordu Non Stop ekimena. Kirola eta gaixotasuna (kasu honetan, diabetea) bateragarriak direla erakutsi gura du abadiñarrak.
Hurrengo eguneko 18:00ak arte ibiliko da bizikletan. 95 kilometroko ibilbidea osatu du (Abadiño, Elorrio, Berriz, Zornotza, Zeanuri eta handik buelta) eta, guztira, 630 km egingo ditu. Ekimena irekia da, eta gura duten guztiek bat egin dezakete Karrogaz gura beste kilometro osatzeko. Baldintza bakarra erronka egiten dabiltzanei aurrea ez hartzea izango da.
Bestalde, Karrok jakinarazi duenez, prest dituzte ‘DT1 Team’ izeneko kamiseta teknikoak. Hainbat neurritan daude salgai, 20 euroan. Facebooke-an Por&Para da DT1 orrialdean agertzen dira kamiseta lortu ahal izateko egin beharrekoen argibideak.