Eskalada praktikatzeaz gainera, bideo proiekzioak eta zozketak egingo dituzte.
Zulu mendi taldeak 12 orduko II. Eskalada Rallya antolatu du zapatuan, Abadiñoko Atxarten. Iazko eredua jarraituz, eskaladarako sektore batzuetan aldaketa batzuk egin dituzte, batez ere, Urkiolako Parke Naturalak eta bertako faunak eraginda.
Atxurtuko Orratza eta Labargorri izeneko tarteak kendu egin dituzte, inguruko faunari eta florari ahalik eta gutxien eragiteko. Horrela, eskaladara bideratuko dituzten sektoreak honako hauek izango dira: Eguzkiarre, Espolon (lehen, bigarren eta hirugarren bideak), Urrestei eta Aurrekoatxa.
Goizetik iluntzera iraungoko du ekimenak, 12 orduz segidan. Goizeko 07:00etan banatuko dituzte dortsalak, eta 08:00ak inguruan hasiko dira tarteak eskalatzen.
Afaria Gaztetxean
Atxarteko eskalada amaitu ondoren, Abadiñoko Gaztetxean afalduko dute ekimenean parte hartu duten guztiek. Eskaladaren inguruko proiekzioak ere emango dituzte, eta zozketak eta opariak (kamisteak, motxilak eta eskaladarako materiala) ere egongo dira bertaratzen direnentzat.