Ustaritz Aldekoa Otalorak Sevillako Betis taldean jokatuko du
Ustaritz Aldekoa-Otalora Jaioterria: Abadiño Baskonia: 2001/03.
Adina: 28 urte
Garaiera: 1.83 metro
Postua: Erdiko defentsa
IBILBIDEA
- Guztira: 42 partida
Bilbao Athletic: 2003/06
- Guztira: 57 partida
Athletic Club: 2006/2011
- Guztira: 108 partida
Betis: 2011/12
urtebetean, Athleticek utzita. Esperientzia berria da Abadiñoko
jokalariarentzat: lehenengoz jokatuko du Athletic ez den beste talde batean.
Orain arte zer sentipen utzi dizkizu horko bizimoduak?
Nire taldekideek oso ondo hartu naute, eta alde horretatik pozik nago. Talde berri batera zoazenean, beti izaten duzu kezka hori eta; egia esanda, ezin naiz kexatu. Hiriari dagokionez, oraindik ez dut toki asko ezagutzeko aukerarik izan, baina apurka-apurka etorriko da horretarako astia ere.
Udan bero itzela egin ohi du Sevillan. Zelako eguraldia suertatu zaizu orain arte?
Egun batzuetan bero izugarria egiten du; etxetik irtetea ere kostatu egiten da. Baina gauza denetara legez, ohitu egiten zara.
Hauxe da fubol profesionalean kanpora zoazen lehenengo aldia.
Aldaketa handia da. Familia, lagunak… Euskal Herrian geratu dira. Ohitu egin beharko dut! Ez dago besterik. Dena dela, ahaleginduko naiz lantzean behin etxera osterak egiten.
Esperientzia berriak aberasgarriak izan daitezke.
Arlo askotatik, gainera: bizimoduan, arlo profesionalean… Urtebeterako utzita etorri naiz; ea esperientzia aberasgarria den eta datorren urtean bueltatzeko modua daukadan.
Futbolariek sare sozialak sarritan erabiltzen dituzte kontaktua mantentzeko. Zuk ere bai?
Twitter orrialdea daukat, eta erabilgarria da lagun, ezagun zein zaleekin hartu-emana sustatzeko. Ez naiz ohiko erabiltzailea; batzuetan erabiltzen dut mezuak bidali edo iritziak emateko.
Beñat Etxebarria igorreztarra taldekide duzu. Taldean euskaldun bat egotek lagundu dizu?
Athleticen egon zenetik ezagutzen dut Beñat. Hona etorri eta segituan beragana jo nuen, lehenengo egunetan lagundu ziezadan eskatuz. Taldera bertakotzen lagundu dit, eta dagoeneko taldeko bat gehiago naizela esan dezaket. Asko eskertzen diot.
Futbol arloari dagokionez, zer erakutsi gura duzu Betisen?
Apurka-apurka taldean sartuz, partidak jokatzea eta minutuak pilatzea ditut helburu. Oraindik, futbolean zer eskaini handia geratzen zaidala erakutsi gura dut, eta Athleticegaz debutatu nuen urtean nituen ilusioa eta gogoa mantentzen ditut.
Athleticen, jarraikortasuna falta izan zaizu lesioen ondorioz.
Horretara etorri naiz, ahalik eta gehien jokatzera. Titular postu bat irabazten eta hortxe mantentzen saiatuko naiz.
Lesioak bakean uzten ez zintuzten sasoiak izan dira profesional legez izan dituzun unerik gogorrenak?
Bai, une txar batzuk igaro nituen; ez zen samurra izan. Hala ere, ahaztu dut bolada hura; errekuperatuta nago, ez dut lesiorik, eta etorkizunari aurre egiteko indarberriturik aurkitzen naiz.
Betisek zer helburu ditu orain?
Orain arte ikusi dudanaren arabera, baloia jokatzea gustatzen zaio taldeari; kalitatezko jokalariak egon badaude. Gauzak itxaroten dudan moduan irteten badira, mailari eusteko ez genuke sufritu behar. Faktore asko hartu behar dira kontuan, jakina, zortea tarteko, baina talde polita eta erakargarria dugula uste dut.
Athleticen, aurtengo ligako debutean, zure herrikide den Iturraspe protagonista izan zen.
Txikitatik ezagutzen dut eta asko poztu nintzen beragatik. Anderrek ere une txarrak pasatu ditu, jokatzen ez zuela ikusita. Sartutako golak konfiantza emango dio, eta badakigu maila oneko jokalaria eta ofizio handikoa dela.
Athleticek, aldiz, hasiera gazi-gozoa izan du.
Ikusi nuen Rayoren kontrako partida. Taldeari minutuak falta zaizkio oraindik, elkarregaz partida gehiagotan jardutea. Dena dela, nabari da Athleticek talde sendoa duela. Jokalari oso onak daude, eta seguru nago denboraldi ona egingo duela.
Andaluzia aldean ezizenak ipini zaleak dira. Baduzu dagoeneko ezizenik?
Beñat “El vasco” da. Ni oraindik ez naute bataiatu. Ez dakit nire ezizena ere Beñatenaren bidetik joango ote den, baina seguru buelta batzuk eman dizkiotela dagoeneko.
Aurten Bartzelonaren eta Real Madrilen nagusitasuna gehiegizkoa dela pentsatzen duzu?
Ez dakit gehiegizkoa den, baina beste guztien gainetik daudela garbi dago. Gol askoko partidak ikusi gura badira ondo dago, baina lehiakortasunaren aldetik ez daukat hain argi.