Omenaldiaz gainera, supermoto eta motor klasikoen lasterketak ere egingo dituzte Abadiñoko Astolan egokitutako zirkuituan.
Domekan seigarren aldia egingo du Asier Martinezen Oroimenezko Motorshow jaialdiak. Abadiñoko Astolako industrigunean egokitutako zirkuituan mota askotako erakustaldiak egongo dira: Supermotoko Euskadiko Txapelketako azken aurreko lasterketa, motor klasikoen erakustaldia eta rally kotxeen erakustaldia, besteak beste.
15:00etan entrenamendu libreak burutuko dituzte eta 17:00etan hasiko dira lasterketa guztietako lehenengo txandak. Ondoren, bigarren txandari ekin aurretik, 18:00 inguruan, hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Batetik, Herri Torrrontegi motor gidari ohia omenduko dute: “Motorraren munduan gabiltz anontzako ikono bat da”, dio Aitor Martinez motor gidari abadiñarrak. Torrontegi gorliztarrak Suzuki, Aprilia eta Honda lako eskuderia garrantzitsuetan jardun zuen 90eko hamarkadan.
Bi txanden arteko denbora tartea Fly Group Racing Team talde berria jendaurrean aurkezteko ere baliatuko dute. Motor gaineko erakustaldia egingo dute zirkuituan zehar. Autoek ere izango dute euren tartea eta, besteak beste, Ivan Tarsiciok bere iaotasuna erakutsiko du Ford Scort Coswortharen bolantean.
Supermotoko Euskadiko txapelketan bigarren dago gaur egun Aitor Martinez, Abel Urizarbarrenaren atzetik. Klasikoen lasterketan aldiz Faustino Hernandez da irabazteko faborito nagusia. Zirkuituaren inguruan erropa denda bat, edari gune bi eta motor taldeen erakusketak ere atonduko dituzte.
ORDUTEGIA
15:00etatik 17:00etara:
- Entrenamendu libreak
17:00etan:
- Motor klasikoen lehen txanda
17:20an:
- Supermotorren lehen txanda
17:40an:
- Rally erakustaldia
18:00etan:
- Ivan Tarsicioren erakustaldia Ford Scort Cosworth-agaz
- Herri Torrontegiri omenaldia
- Fly Group Racing Team taldearen aurkezpena
18:20an:
- Bigarren txandak
19:00etan:
- Sari banaketa