Kopako azkeneko lasterketan eskainitako errendimenduagaz gustura dago abadiñarra.
Joan zen asteburuan amaitu zen emakumeen Munduko Kopa txirrindularitzan. Frantzian jokatutako Plouay-Bretagne lasterketan Eneritz Iturriaga 51. sailkatu zen. Belen Lopez eta biak batera heldu ziren helmugara. Iturriaga pozik dago eskainitako errendimenduagaz: “Vos, Johansson eta gainerako faboritoek lehenengo itzulian ihes egin dute. Ni bigarrenean eurekin bat egiten ahaleginduu naiz, eta gutxi falta izan dut bat egiteko. Oro har, gustura nago nire jardunagaz”. Munduko Kopa Annemiek Van Vleutenek irabazi du, eta Marianne Vos geratu da bigarren; Emma Johanssonek osatu du podiuma.
Hil honen amaieran Kopenhagen Munduko Txapelketa jokatuko da, erlojupekoan zein errepidean, eta Lointek taldeko txirrindulari abadiñarrak hitzordu bikoitz hori prestatzera bideratuko ditu ahalegin guztiak.