Piloto euskaldun gazteen harrobi izateko helburuz

Anboto 2011ko abu. 28a, 14:17

Aitor Martinez motor gidari abadiñarrak beste kide batzuekin sortu duen Fly Group Racing Team talde berriak motor gidari gazteak trebatuko ditu; sortzaileen artean dago Aitor Martinez abadiñarra

Aitor Martinez motor gidari abadiñarrak beste kide batzuekin sortu duen Fly Group Racing Team talde berriak motor gidari gazteak trebatuko ditu; sortzaileen artean dago Aitor Martinez abadiñarra.

 

Euskal Herrian motor zaletasuna sustatzerako orduan,  entrenatzeko zirkuituen urruntasuna eragozpen handia izan da luzaroan. Beraz, iazko ekainean Nafarroako Los Arcosen ireki zuten zirkuitua bendizio moduan hartu dute motor zaleek. Esaterako, Aitor Martinez abadiñar pilotuak, Herri Torrontegik eta beste hainbat eragilek aspaldiko ametsa errealitate bihurtzeko modua izan dute. Elkarlanean sortu duten Fly Group Racing Team taldeak motor zale euskaldun gazteei beren afizioan sakontzeko eta trebatzeko aukera eskaintzen die. Oraingoz, lau pilotogaz ari dira. Aitor Martinezegaz gainera, hiru piloto gazte dabiltza: Iker Torrontegi gernikarra (15 urte), eta, Oier eta Yarte Cascante (13 eta 9 urte, hurrenez hurren).

 

Probako lasterketak
Taldeak Abadiñon du bere egoitza (TTM Motos-en Durangon eta Iturritxo kalean Abadiñon) eta piloto euskaldun gazteen harrobi izan gura dute Espainiako zein nazioarteko txapelketetatan lehiatu daitezen.  Oraingoz Iparraldeko Abiadura Txapelketako eta Mediterraneo Txapelketako hainbat lasterketetan aritu dira, nor bere kategorian. Gazteek emaitza onak lortu dituzte eta Martínez ere gustura dago bere errendimenduagaz: lasterketa bi irabazi ditu eta beste bi ezin izan ditu amaitu erorikoen eta arazo teknikoen ondorioz.

 


Fly Group Racing Team taldean izena eman gura duenak honako e-maila erabili dezake: aitor@supermoto13.com. “Durangaldeko gazteak animatzea polita litzateke”, dio Martinezek: “Ni mundu honetan hasi nintzenean ez nekien nora joa, informazioa non bilatu. Talde honekin hasiera urratsa emateko prozesua erraztu gura dugu”.

 


Abendura begira adin guztietara zabalik egongo den motor eskola bat eratu gura dute, lur gaineko zein asfalto gaineko zirkuituetara joanez eta ikastaroak antolatuz. 

 

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!