Asteburu gazi-gozoa Urkiolan

Anboto 2011ko eka. 27a, 11:10

Pronostikoak bete egin dira Urkiolako Igoeran. Turismoetan Aitor Ramirez izan da azkarrena; Barqueten mailan, ostera, Sergi Pañella pilotu kataluniarrak lortu du denbora onena. Ikusleen jarrerak zapatuko jaia ilundu zuela salatu dute.

Kirol arloan, pronostikoak bete egin dira Urkiolako Igoeran. Turismoetan Aitor Ramirez izan da azkarrena; Barquetten mailan, ostera, Sergi Pañella pilotu kataluniarrak lortu du denbora onena. Ikusleen jarrerak zapatuko jaia ilundu zuela salatu dute.

 

Zapatu goizean eman zitzaion hasiera motor festari, autoen prestatzeagaz. Aketza Santacoloma Durangalde Racing elkarteko kideak azaldutakoaren arabera, "jende asko" hurbildu zen Landako gunera, eta oso pozik daude ekimenak izandako harreragaz. Ostean, lehiaren txanda izan zen.

 

Aurreikusi bezala, Sergi Pañella pilotu kataluniarraren barqueta izan zen azkarrena; bigarren igoera ofizialean lorturiko 01:47:689ko denboragaz gailendu zen. Joseba Iraola izan zen bigarren sailkatua, eta Xabi Quesada, hirugarrena. Turismoetan, ostera, Aitor Ramirez izan zen azkarrena; 01:56:021an burutu zuen igoera. Aitor Arakistain eta "Lebeiti" durangarrak osatu zuten podiuma.

 

Aketza Santacolomaren berbetan, antolatzaileak "oso pozik" geratu dira parte hartzaileek eskainitako ikuskizunagaz; ikuslegoaren jarrerak, ostera, probako giro ona "izorratu" duela adierazi du. Iazko edizioaren ostean, ikuslegoaren jarreragaz ez ziren oso pozik geratu antolatzaileak. "Aurtengoa gehiegizkoa izan da" adierazi du Santacolomak. Besteak beste, hainbatek antolatzaile, bizilagun zein ertzainen lana oztopatu zutela salatu du Santacolomak. Horrez gain, probaren hasiera atzeratu egin behar izan zela salatu du durangarrak; ikusle batzuen autoak errepidetik kendu behar izan zituen garabiak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!