Zaloa Fuertesen argazki lanak, denboraren eraginaren isla

Anboto 2011ko mai. 25a, 08:37

Mexikon diplomatu zen Zaloa Fuertes argazkigintzan, eta ekainaren 1ean, gaur egun bizi den Abadiñoko Zelaietako liburutegian ipiniko duen RAM Memoria izeneko argazki erakusketa aurkeztuko du 19:30ean

 

Mexikon diplomatu zen Zaloa Fuertes argazkigintzan, eta ekainaren 1ean, gaur egun bizi den Abadiñoko Zelaietako liburutegian ipiniko duen <i>RAM Memoria</i> izeneko argazki erakusketa aurkeztuko du 19:30ean.\"Zaloa

Lehenengo aldia da erakusketa batean parte hartzen duzuna?
Ez. Aurretik Mexikon, Queretaron egin nituen. Gurasoak euskaldunak ditugu, baina ni eta nire anaia han jaio eta bizitakoak gara, eta bertan egin nituen lehenengo bi erakusketak. Kaleko umeei buruzkoa izan zen lehenengoa, bertako ume askoren umetasun faltaren ingurukoa: jolasean ibili beharrean, lanean hasten direnekoa. Bigarren erakusketa Interailean egin nuen bidaia bateko argazkietan oinarritutakoa izan zen. 2003-2004 urteen inguruan izan ziren lehenengo erakusketa haiek. 


Abadiñoko erakusketarako aukera zelan sortu zaizu?
Irailetik parte hartzen dudan Berbalagunen proposatuta antolatu dugu. Euskaldunzahar eta berriak elkartzen gara Berbalagunen, eta giro oso polita sortzen da eguaztenetako hitzorduetan.

Ekainaren 1eko aurkezpena prestatuta daukazu?
Argazkien inguruan egingo dut apur bat berba: sormen prozesuari buruz. Baina, egia esan, argazki bakoitzak zer esangura daukan ez dut nik esango: ikusle bakoitzak bere inpresioa eramatea da gura dudana. Argazkiak leku edo egoera ahaztuei buruzkoak dira: baserri inguruetako kale izkina zaharrak… Denboraren eragina erakusten dute argazkiek.

Izenburuak ideia horri egiten dio erreferentzia?
Hortik doa RAM Memoria erakusketaren izenburua, bai: sarritan geu konturatu ez arren euren eboluzioa jarraitzen duten gauzei buruzkoa da erakusketa: bizirik dagoen memoriari buruzkoa. Argazkietako horma eta txoko gehienak Durangon, Abadiñon eta Elorriokoak dira, eta badaude Mexikon eta Txilen egindakoak diren argazki bi ere.

Zer berezitasun dute erakusketako irudiek?
Goroldioa, hormetan hazitako landareak… Egia esan, ez naiz iraganari begira egotekoaren oso zalea, baina denboraren eraginak jaso gura izan ditut. Batzuetan tristea da, beste batzuetan argi apur bat sortzen du. Ahaztutako izkinak  ageri dira argazkietan, bizi garen erritmo azkar honetan galtzen hasi garen ohiturak, atzean uzten gabiltzan sakoneko gauzak… Orain pare bat hile egindako argazkiak dira.

Zein da zure lan egiteko modua?
Ehundurekin zeozer egiteko gogoa neukan oraingoan, eta Durango eta Elorrioko leku batzuk begiz jota neuzkan. Argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta baserrietan lotuta edo kaioletan bizi diren animaliei arreta jartzen. Ondoren, Photoshop-ekin esperimentatu dut. Pertsonekin lan egitea dut gustuko, baina abstraktuagoak, plastikoagoak dira erakusketa honetako argazkiak.

Bietatik zer prozesu duzu gurago? Argazkiak egiteko momentua ala ondoren ordenagailuagaz lan egitea?
Biak gustatzen zaizkit asko. Lehen gehiago egiten nuen kamera hartu eta besterik barik kalera irten. Karrete mordo bat botatzen nuen.


Analogikoagaz egindakoak dira argazkiak?
Bai. Analogikoaren zalea naiz. Ondoren, eskaneatu eta digitalean tratazen ditut. Hamabost dolarreko formatu erdiko Holga kamera zahar bategaz egindakoak dira erakusketako argazki hauek. Oso kamera interesentea da, izan ere, argia sartzen uzten duelako belatu egiten du negatiboa, ez du irudi guztia berdin enfokatzen... Efektu arraroak sortzen ditu.


Zergatik analogikoa?
Zain egote hori gustatu egiten zaidalako. Zer irtengo den zain egote hori galdu egiten da digitalagaz.

Koloretan egindakoak dira erakusketakoak.
Bai, lehen dena zuri-beltzean egiteko joera neukan, baina oraingoan koloretan gura nuen egin. Zuri-beltzean eta koloretan egindako argazkiak bata bestearen gainean ipinita ere badaude. 

 

Negatiboak, maletak, eta sorkuntzarako bidaiak

Ekainaren 1etik Zelaietako liburutegian ikusgai izango den erakusketa iragartzen duen kartelean jasotako aldameneko irudia, astoarena, Mexikon egindakoa dela kontatu digu Fuertesek.
Hain zuzen ere, Mexikon bizi zela egindako argazkien negatiboak zekartzan maleta galdu egin zion hegazkin konpainiak: “material guztia maleta batean galdu zitzaidan…”, azaldu digu.
“Pena izan zen, baina gauza berriak sortzeko ondo etorri zitzaidan!” dio baikor. 
Mexikon eta Durangaldean ezeze, argazkigintza lana egiten hainbat tokitan jardundakoa da Zaloa Fuertes: Zazpika aldizkarian argitaratutako errepotajeak osatu ditu, esaterako, Patagonian edo Kuban. Interneteko www.zaloafuertes.com helbidea da bere lanen erakusleiho.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!