Gorakada antzerki talde abadiñarrak 2010ko abenduan Durangoko San Agustin kulturgunean estreinatu zuen \'Ogro txikia\' antzezlanak jaso du 2011ko umeentzako Europako FETEN antzerki lehiaketaren dramaturgia onenaren saria.
Gorakada antzerki talde abadiñarrak 2010ko abenduan Durangoko San Agustin kulturgunean estreinatu zuen \'Ogro txikia\' antzezlanak jaso du 2011ko umeentzako Europako FETEN antzerki lehiaketaren dramaturgia onenaren saria.
Suzanne Lebeau Quebeck-eko antzerkigileak 1.997an argitaratu zuen lanaren moldaketa da Agurtzane Intxaurraga eta Arantza Iturbek elkarlanean burutu, eta Gorakada taldeak bultzatutako \'Ogro txikia\'. Itxaurraga zuzendari, eta Javi Tirado, Aritza Rodríguez zaldibartarra eta Iñake Irastorza dira umeei zuzenduriko lan berezi honetan aktoreak.
Besteak beste, askatasunari, arazoei aurre egiteari, desberdinen arteko berdintasunari edota beldurrari buruzko gogoetak, Fran Lasuen musikariak ikuskizunerako sortutako musikagaz uztartzen dituen \"testu filosofiko eta oso poetikoa\" da \'Ogro txikia\', Alex Diaz Gorakadako zuzendariak lana aurkeztu zigunean azpimarratu zuenez.
Europako zortzi herrialdetako 65 antzerki taldek hartu du parte aurtengo FETEN sarietan, eta joan zen astean Gijongo Sur aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldia. Lehiaketa honetan Gorakadaren lana goraipatzen duten hirugarren aldia da hau: 2004an zuzendaritza eta eszenografia onenaren saria jaso zuten \'Jim altxorraren irlan\' lanagatik, eta ikuskizun onenarena 2006an \'Robin eta Hood\' obragaz.