Ignacio Conde Martin 38 urteko abadiñarrak irabazi du San Blas II. Argazki Lehiaketa, abeltzainak beren abereak garbitzen zituzten bitartean hartutako irudi batekin.
Ignacio Conde Martin 38 urteko abadiñarrak Udalak antolatu duen San Blas II. Argazki Lehiaketa irabazi du, abeltzainak beren abereak garbitzen zituzten bitartean hartutako irudi batekin. Carlos Mediavillak, iazko irabazleak, jaso du bigarren saria.
Argazkia goizeko 06:00etan hartu zuen Condek, eta lehen sariagaz 400 euro poltsikoratu ditu. Bigarren saria 250 eurokoa izan da, eta Urretxuko Carlos Mediavillak eraman du, iazko edizioan irabazle izan zenak. Bestalde, Yanire Graneroren irudiak tokiko saria jaso du: 150 euro.
Ignacio Conde Martinek sariagaz \"oso pozik\" dagoela adierazi du. Bigarren urtea da lehiaketa honetan parte hartzen duena, eta aurten 42 argazkilari izan dira, beren lanak entregatu zituzten lehenak, hain zuzen. Irabazlea argazkilari amateurra da, eta irudia ateratzean \"gogo biziz aritu zelako\" irabazi duela esan du. \"San Blas festak abereen garbiketarekin hasten dira, eta hori islatu nahi nuen. Une horretan, abereen inguruan aura antzeko bat eratzen da, lanbroz inguratzen dira\" azpimarratu du egileak. Irudia goizaldean hartu zuen.
Carlos Mediavillak bigarren saria irabazi du San Blasetako hainbat elementu adierazgarri erakusten dituen argazki batekin, hala nola, karameluak, erroskillak, kordoiak eta sua.
Marisa Vazquez Kultura zinegotziak azaldu du lehiaketak azoka honetako \"irudi ederrak\" ezagutarazi nahi dituela, sormen artistikoa sustatzeaz gainera. \"Argazki baliabide digitalei esker, zale askok horrelako txapelketetan parte har dezakete eta lehen sariengatik lehian aritu\", azpimarratu du.