Di-da lortu du Bereinkuak final laurdenetako pasea

Anboto 2010ko urr. 28a, 11:06

Mikel Bereinkuak (Durango, 15 urte) erraz lortu zuen eguaztenean Cafés Baqué pilota txapelketako final laurdenetarako txartela Etxebarria (16 urte ditu) dimoztarrari 18-1 irabazita.

Mikel Bereinkuak (Durango, 15 urte) erraz lortu zuen eguaztenean Cafés Baqué pilota txapelketako final laurdenetarako txartela Etxebarria (16 urte ditu) dimoztarrari 18-1 irabazita. Historia handirik bako partiduan sake luzea eta dejada zehatza nahiko izan zituen aurkaria ernegatzeko. Ondorioz, eguazten bi barru, azaroaren 10ean, Abadiñoko pilotalekuan Elezkanoren kontra jokatuko du finalerdietarako pasea. Iurretako pilota eskolagaz jokatzen duen Bereinkuak eskumako eskua minduta du eta horregatik taktika garbiarekin kantxaratu zen: luze sakatu eta errestoari dejada zehatzarekin erantzutea. Aurretik pentsatutakoa ezin hobeto gauzatu zuen kantxan eta dejadaz sei tanto eta sakez bost egin zituen: partidu erdia baino gehiago. Etxebarriak errestoa laura luzatu zuen apurretan ere Bereinkuaren beso luzeek indarraren legea ezarri zuten: \"Egia esanda, ez nuen uste partidua irabaziko nuenik. Aurten jokatzen ikusia nuen Etxebarria eta kolpez ni baino gehiago zela uste nuen\". Gozatzeak eta gerria ondo sartzeak ere asko balio du, ordea. Azpimarragarria da Bereinkuak orain arte txapelketako kadeteen mailan osatu duen bidea. Behe-behetik ekin zion eta orain arte Bakaraldoko Garcia, Errioxako Calvo, Arabako Garcia eta Dimako Etxebarria kanporatu ditu. Elezkanoren kontrako partiduan zaratamoarrak irtengo du faborito, baina Bereinkua dituenak emateko prest dago final atarira heltzeko. Zoritxarrez durangarra dugu txapelketako gure ordezkari bakarra, Pradera mallabiarra txapelketatik kanpora geratu delako oraintsu. Atzoko emaitzak: Kadeteak: ETXEBARRIA (Dima), 1; BEREINKUA (Iurreta), 18. Kadeteak: LASA (Nafarroa), 18; ZIARRUSTA (Dima), 8. Jubenilak: ELEJALDE (Araba), 21; ESTEBAN (Errioxa), 22. Jubenilak: JAKA (Gipuzkoa), 22; FERNANDEZ (Errioxa) 0. Hurrengo jardunaldia, Traña-Matienan, hilaren 3an, 19:00etan: Kadeteak: ARTOLA (Gipuzkoa) vs IBARRAONDO (Arrankudiaga). Kadeteak: CALLEJA (Araba) vs GONZALEZ (Usansolo). Jubenilak: DORRONSORO (Araba) vs IRUSTA (Gernika). Jubenilak: ORONOZ (Nafarroa) vs LARUNBE (Galdakao).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!