Waltary eta Ugarterentzat Tornosolo Masterra

Anboto 2010ko urr. 18a, 11:06

Finalean 40-37 menderatu zituzten Uriarte eta Antxia abadiñarrak

Finalean 40-37 menderatu zituzten Uriarte eta Antxia abadiñarrak. Durangaldeko Amankomunazgoak antolatutako binakako Tornosolo Masterra Waltary-k eta Inhar Ugartek irabazi dute. Partiduko zatirik handienean atzetik joan ziren eta abadiñarrek bikote sendoegia osatzen zutela ematen zuen. Baina azken txanpan, Waltaryk asmatu egin zuen aurrean eta Uriartek ezin izan zuen ehunik ehuna eman, eroriko baten ondorioz, okotzean ebaki txiki bat egin zuelako. Esku-eskuetan zuten txapelak ihes egin zien azken unean Rober Uriarteri eta Ander Antxiari. Bikote oso konpenetratua osatuz, markagailuan alde erosoagaz ibili ziren finaleko zatirik handienean (18-5, 25-10). Antxia eta Ugarte pilota teilatura bidali ezinik ibili ziren eta indarka Antxia gehiago denez, abadiñarrek agindu zuten tantorik gehienetan. Ugartek eramateko ezinezkoak ziruditen pare bat errebote eraman zituen, baina bere buruarekin haserre ibili zen, oro har, ezin zuelako bere mailarik eman. Aurrean Waltaryk ezin zuen pilota sarerantz edo teilaturantz bideratu eta boleako posturan horiexek ditu armarik nagusienak. Ondorioz, partiduak espero baino emozio gutxiago izango zuela ematen zuen. Baina 34-18 zihoazela finalaren nondik norakoa erabat aldatu zen. 2-10ko partziala lortu zuten atzetik zihoazenek (36-28). Gainera, une horretan Uriartek okotzean ebaki txiki bat egin zuen pilota gaizto bat eramateko lurrera bota zenean. Partidua normaltasunez jarraitu ahal izan zuen, baina mesederik ez zion egingo. Waltaryk orduantxe egin zituen partiduko tantorik dotoreenak eta Ugarte sendo, seguru eta gogotsu agertu zen. Ondorioz, eurek jantzi zuten txapela. Azpimarratzekoa da finala ikusteko Tornosolon batu zen jendetza. Lepo bete zen trinketea. Erreboteko hiru solairuak zein ezker aldeko biak puntaraino beteta zeuden eta azkenengo solairuan ere ez zegoen sobra handirik. Partidu amaieran Waltaryk nahikoa lan izan zuen aldageletara heltzen, kantxatik kanporako atea zeharkatuaz batera, gaztetxo koadrila batek inguratu zuelako autografo eske. [img]http://www.anboto.org/images/8300/8308/1.jpg[/img] [img]http://www.anboto.org/images/8300/8308/2.jpg[/img] [img]http://www.anboto.org/images/8300/8308/3.jpg[/img] [img]http://www.anboto.org/images/8300/8308/4.jpg[/img] [img]http://www.anboto.org/images/8300/8308/5.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!