Zapatura arte egunero egongo dira partiduak Abadiñon.
Zapatura arte egunero egongo dira partiduak Abadiñon.
Ostiralean eginiko azken entrenamendu saioen ostean, erabakita dago dagoeneko Munduko Pilota Batzarrak Abadiñoko Tornosolo trinketean antolatuko duen II.Nazioarteko trinkete lehiaketan parte hartuko duen euskal pilotarien taldea.
Gomazko Paletan Laura Saez, Itsaso Pradera (mallabiarra) eta Ainhoa Montes izan dira hautatuak –neskak-, mutiletan Ariel eta Gorka Bombín eta Larruzko Paletan Iñigo Arrieta, Ibon Garate eta Oier Saez de Cámara. Eskuzko jokamolderako oraindik ez dago talde eraturik baina Iker Gordon eta Iker Etxebarria tarteko izango dira seguruenik.
Azken orduko baja izango dira txiletarrak eta ondorioz Uruguay, Venezuela, Argentina eta Estatu Batuetako pilotariekin arituko dira euskaldunak.
Astelehenean Eskuz Binakako Open bat ere antolatuko da Durangoko Merindadearen Amankomunazgoak antolatuta. Bertan, astelehenean (20:00h.), Rober Uriarte eta Ander Antxia abadiñarrak eta Mikel Gonzalez berriztarraren eta Imanol Agirreren kontra lehiatuko dira lehenengo aurrefinalean.
Astearte goizean jaialdi bikaina iragartzen da. Openeko bigarren aurrefinalaz (Waltary kubatarra eta Inhar Ugarte algortarra Loquillo Lopez eta Martin Cabelloren aurka) eta nesken gomazko paletako partiduez gainera, gomazko paletako munduko pilotari onenak bertan izango baitira. Ikuskizuna eskainiko dute seguru Villegas anaiek eta Fusto-Muñoz bikoteak. 10:30etan hasiko da jaialdia. Eskuzko finala berriz zapatuan 20:00etan jokatuko dute.