Waltari eta Loquillo lako izarrak eta hemengo hainbat espezialistak jokatuko dute.
Tornosolo trinketeak makina bat pilota partidu hartuko ditu datorren astelehenetik zapatura.
Alde batetik, II. Nazioarteko Trinkete Txapelketan lehiatuko dira euskal selekzioa eta Argentina, Txile, Uruguay eta Venezuelakoa, Munduko Pilota Batzarrak antolatu duen txapelketan. Bestetik, Durangaldeko Amankomunazgoak, eskuz binakako beste txapelketa bat antolatu du bertako pilotariak Waltary eta Loquillo lako izarrekin nahastuko dituena. Azkeneko gailur moduan, martitzen eguerdian, gomazko paletako munduko lau pilotaririk onenak elkarren kontra lehiatuko dira Abadiñoko trinketean.
Nazioarteko Trinkete Txapelketa eskuz, gomazko paletaz -emakumeetan ere bai- eta larruzko paletaz jokatuko dute. Oraindik ez dute jakinarazi Euskal Selekzioko bikoteak nortzuk osatuko dituzten, baina direnak direla, gogor behar egin beharko dute gomazko eta larruzko paletan Gaston Intxausti eta Joseba Bilbao argentinarren erregetza hausteko. Orain urte bi Txilen jokatutako lehen aldian erraz nagusitu ziren.
Emakumeetan, aldiz, txapelketa parekatua aurreikusi daiteke, eta Euskal Selekzioak baditu txapela janzteko aukerak. Ligaxkako partiduak egunero 17:30ean hasiko dira; baita martitzen, eguen eta barikuan 10:30etik aurrera ere. Finalak zapatuan 17:30ean hasiko dira.
Bestalde, astelehenean 20:00etan Uriarte eta Antxia abadiñarrek Gonzalez berriztarraren eta Agirreren kontra jokatuko dute; martitzenean 13:00ak inguruan, Waltary eta Ugarte Cabelloren eta Loquilloren kontra ibiliko dira. Finala bariku iluntzean jokatuko dute.
Amaitzeko, martitzenean 12:00etan Villegas anaiek Fusto eta Muñozen kontra jokatuko dute gomazko paletan. Lau argentinarrak espezialitateko onenak dira.
[img]http://www.anboto.org/images/8200/8239/1.jpg[/img]