Supermotoek eta klasikoek bat egingo dute gaur Astolan

Anboto 2010ko ira. 11a, 11:00

Asier Martínezen Oroimezkeko V. Motorshow jaialdiak milaka motorzale batuko ditu gaur Astolako poligonoan.

Asier Martínezen Oroimezkeko V. Motorshow jaialdiak milaka motorzale batuko ditu zapatuan Astolako poligonoan. Iaz 5.000 lagun inguru batu ziren eta aurten kopuru horren gainetik ibiltzea espero dute Abadiñoko Supermoto Klub-eko kideek. Horretarako, egitarau tentagarria prestatu dute. Euskadiko supormoto gidaririk onenez gainera, lehenengoz motor klasikoen lasterketa antolatu dute eta Txus Jaio auto gidariaren eta Igor Urien abadiñar gaztearen erakustaldiak ere egongo dira. Horri guztiari, musika, jan-edana, MotoClub Manguetak antolatutako motor kontzentrazioa… gehitu behar zaizkio. [imgd]http://www.anboto.org/images/8000/8090/1.jpg[/imgd] 17:00etan hasiko den Euskadiko Txapelketako azkenengo lasterketan lehiatuko dira 30 bat gidari, 1,1 kilometroko zirkuituan. Orain arteko sei lasterketetatik bost Aitor Martínezek irabazi ditu eta dagoeneko Euskadiko txapelduna da matematikoki. Hala ere, zapatukoa da urtean \"ilusiorik handiena\" eragiten dion lasterketa eta dena ematera irtengo da. Iaz lesio baten ondorioz txapelketa utzi ondoren, aurten garaipenaren bidetik itzuli da abadiñarra. Ondoren, Txus Jaiok eta Igor Urienek auto erakustaldiak egingo dituzte. Jaio Espainiako Rally Txapelketako txapelduna izaan da. Urien abadiñarra oraindik gazte mailan ari da eta oraintxe adin horretako Espainiako Monoplazen Txapelketan lider dago. Lehenengo banakako erakustaldiak eskainiko dituzte eta, ondoren, baliteke bata bestearen kontra ere lehiatzea. Ekimena Urieni \"orain arteko egindako lana aintzatesteko eta etorkizunerako animoak emateko\" ere erabiliko dute Aitor Martínezen arabera.

Motor klasikoak

Ondoren, 70eko hamarkadako motor klasikoen lasterketa hasiko dute. Motor gainean ibiliko direnak ere \'klasikoak\' dira; tartean dago Faustino Hernández Durangoko pilotu ohia, 80ko hamarkadan Espainiako txapeldun geratutakoa 125 zentimetro kubikotan. Lasterketak gehiago izango du erakustalditik, ekarriko dituzten motorrak \"benetako harribitxiak direlako\".

Musika kontzertuak

Egunari musika kontzertuek emango diote amaiera. Hain zuzen, kontzertu horiek dira jaialdia domekatik zapatura aldatzeko arrazoia: \"Iaz txapelketa eta erakustaldiak amaitu zirenean, jende gehiena joan egin zen domeka zelako. Beraz, aurten zapatuan antolatzea erabaki dugu, kontzertuetara jende gehiago geratuko dela uste dugulako\". Besteak beste, Jardin Infierno taldeak joko du. Ekitaldi horiez gainera egun osoan zehar abiadura motorren erakusketa antolatuko dute eta kirol materiala erosteko stand bat ere egongo da.

Mangueta klubak motorren kontzentrazioa egingo du

Biharko motorshowan parte hartuko du egoitza Durangon duen MotoClub Manguetak ere. Hain zuzen, iaz legez, motor kontzentrazioa egingo dute Astolan. Bihar 09:00etan egongo da ekimenan parte hartzeko izen-ematea (bost euro). 10:00etan Bizkaitik zeharreko ibilaldiari ekingo diote; besteak beste, Muniketatik, Markinara eta handik Goiuriara joango dira, bertan hamaiketakoa egiteko. Bazkalorduan helduko dira Astolara, 14:00 inguruan. Egun osoan zehar, Astolako merenderoaren ondoan, txosna bat ere ipiniko dute Mangueta klubeko kideek. Inguru hartan, ilaran aparkatuta egongo dira kontzentrazioan batutako motorrak ere. Iazko kontzentrazioan 130 bat motor batu zituzten. Stand bat ere ipiniko dute kamisetak eta materiala saltzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!