Urkiolako igoera jokatu da gaur

Anboto 2010ko eka. 26a, 12:00

Durangalde Racing elkarteak antolatu du igoera. 15:30ean hasiko da 3,2 kilometroko lasterketa; gidariek hiru bider osatuko dute igoera.

Urkiolako igoera jokatuko dute, gaur, Durangalde Racing eskuderiak antolatuta. Igoera berreskuratu zutenetik hirugarren urtea da aurtengoa; guztira, 14. aldia beteko du. Aitor Zabaleta Euskadiko mendi igoeretan orain arte erakutsi duen nagusitasuna sendotzen saiatuko da. Aritz Egozkue nafarra izan daiteke bolada ona eten diezaiokeen pilotua. Ezkurdin beharrean, aurten Landako erakustazokan batuko dira gidariak. Egiaztapenak egin ondoren, Mañarian egokitutako laguntza puntura joango dira. 14:00etan itxiko dute errepidea, eta 15:30ean hasiko da 3,2 kilometroko lasterketa. Gidariek hiru bider osatuko dute igoera; lehenengoa entrenamendu saioa izango da, eta gainerako biak igoera ofizialak. Guztira, 80 gidarik eman dute izena igoerarako, eta hamar klasetan -barqueta eta turismo sailetan banatuta- korrituko dute. Irabazteko faborito nagusia Aitor Zabaleta da, Lola BMW barquetagaz. Gaur egungo mendiko igoeretako txapeldunak ez du tronutik jaisteko ezelako asmorik. Orain arteko hiru lasterketak irabazi ditu: Udalarako igoera Oñatin, Gorlarakoa Bergaran eta Aiarakoa Orion. Gainera, ez du Angela Vilariñoren itzalaren mehatxurik izango. Lehenengo hiru lasterketetan bera izan du arerio nagusietakoa, baina aurrerantzean Espainiako Errepideko Txapelketan ibiliko da, Suzuki bategaz. Beraz, Aritz Egozkue nafarra eta Ruben Nogueira oñatiarra izango dira Zabaletaren kontrario nagusiak. Hurretik jarraitu beharko dira Imanol Lakar durangarraren eta Iñigo Olabegogeaskoetxea atxondarraren lanak ere.

Turismoetan, Lebeiti

Turismoen atalean Durangaldea Racing eskuderiako Jose Ignacio Erdoiza \"Lebeiti\" eta Aitor Ramirez oñatiarra (BMW 320 ST) dira irabazteko faborito. Hala ere, beste hainbatek ere badu bere aukera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!