Maiatzaren 21ean etorri zen Gasteizko La Esperanza ospitaletik etxera txirrindulari abadiñarra. Ia hile biko errekuperazio du aurretik, baina korritu ezingo dituen lasterketetan du burua: \"Emakumeen Bira, Giroa, Espainiako Txapelketa … Horrek ematen dit benetako pena\".
Maiatzaren 21ean etorri zen Gasteizko La Esperanza ospitaletik etxera txirrindulari abadiñarra. Ia hile biko errekuperazio du aurretik, baina korritu ezingo dituen lasterketetan du burua: \"Emakumeen Bira, Giroa, Espainiako Txapelketa … Horrek ematen dit benetako pena\".
Eneritz Iturriagak (Sai-Pasta Zara talde italiarrean dabil) eroriko bat izan zuen joan zen astelehenean (maiatzak 17), l\'Audeko Tourreko hirugarren etapa amaitzeko 25 kilometro falta zirela. Eskuin klabikula eta sorbalda hautsi zituen. Asteazkenean egin zioten ebakuntza Gasteizen eta barikuan etorri zen etxera.
Erorikoa garbi gogoratzen du abadiñarrak ez zuelako konorterik galdu eta detaile guztiekin kontatu digu: \"Egun haizetsua zen eta abanikoak sortu ziren tropelean. Txirrindulari batek aurrea hartu zidan eta nire aurreko gurpila bere bizikletagaz engantxatu zen. Eskulekuak buelta eman zidan eta ezin izan zuen erorikoa ekidin\".
Eguazten goizean egin zion ebakuntza Mikel Sanchez medikuak Gasteizko La Esperanza ospitalean. Espero baino ebakuntza luzeagoa izan zen (08:30ean hasi eta 14:00 arte) orduantxe konturatu zirelako klabikula ez ezik sorbalda ere apurtuta zuela. Hamar egun barru kenduko dizkiote puntuak. Ondoren, beste hamar bat egunean arrabolan jardungo du mugimendua eta indarra berreskuratzeko. Segidan, bizikleta hartu eta apurka-apurka kilometroak pilatzen hasiko da.
Aitortzen duenez, parte hartu ezingo duten lasterketetan pentsatzeak \"sutu\" egiten du: \"Emakumeen Bira, Giroa, Espainiako Txapelketa… lasterketa horien sasoia hurreratu ahala etorriko zaizkit biraoak ahora. Benetan pena handia ematen dit lasterketa horietan parte hartu ezinak\".
Uztailaren erdirako espero du berriro lehiatzen hastea. Kalkulatu duenez, eta dena aurreikusitako moduan badoa, Alemaniako Itzulian bueltatu daiteke errepidera. Ondoren, Route de France (iaz hirugarren egin zuen), eta Munduko Kopako lasterketa bi korritzea espero du, besteak beste; urrian urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa den Mundialean parte hartuko du.
\"Eskerrak eskuinerantz erori nintzena\"
Klabikula hautsi arren, txarrenean ere, zorte ona izan du. Izan ere, sasoi batean ezkerreko klabikula hautsi zuen eta kolpea alderdi berean izan balitz, batek daki zer kalte eragingo zion: \"Medikuak zortea izan dudala esan zidan. Ezkerreko klabikulan oraindik lesio hartako torlojuak ditut eta kontua grabeagoa izan zitekeen alderdi horretarantz erori banintz\".
[img]http://www.anboto.org/images/7600/7644/1.jpg[/img]