Zapatuan San Prudentzio pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Matienako pilotalekuan. Gipuzkoak bederatzi ordezkari izango ditu hiru mailetan; Bizkaiak Rober Uriarte abadiñarra eta Anartz Ajuria galdakoztarra sartu ditu.
Bihar San Prudentzio pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Matienako pilotalekuan. Gipuzkoak bederatzi ordezkari izango ditu hiru mailetan; are gehiago, gazte mailako finala lau giputzen artekoa da. Bizkaiak Rober Uriarte abadiñarra eta Anartz Ajuria galdakoztarra sartu ditu; finaleko protagonisten zerrenda nafar batek osatuko du: Olano leitzarrak.
Nagusietan Rober Uriartek eta Ajuriak Atxotegi eta Bengoetxea izango dituzte aurkari. Gipuzkoarrek bikote borrokalaria osatzen dute; atzean, itxaroten den legez Bengoetxeak agintzen badu, Atxotegik aukerak izango ditu aurrean. Bizkaitarren arma nagusiak Ajuriaren segurtasuna eta Uriarteren inspirazioa eta abilezia dira.
Kadete mailako finalean Olanok eta Tolosak Sarasti eta Imazen kontra jardungo dute. Azken hauek Euskadiko txapeldunak dira maila horretan, eta sarri erakutsi dute bikote sendoa osatzen dutela. Beste bikotearen gakoa atzean dago; 15 urte egin berri dituen Tolosa morrosko galanta (1.90 metro) eta jotzaile handia da. Nerbioei eusten badie eta atzean agintzen badu, bete-beteko partidua irten daiteke.
Lehia betea gazteetan
Gazte mailako finala Tolosaldeko Urbietak eta Arratibelek Azpeitiko Etxanizen eta Aizpururen kontra jokatuko dute. Lehenengoek \"gaur egun Gipuzkoan maila horretan aurkitu daitekeen bikoterik onena osatzen dute\", Pedro Uriarte txapelketako antolatzaileetako baten esanetan. Arratibelek, esaterako, buruz buruko Cafés Baqué txapelketa irabazi zuen iaz kadete mailan.
Hala ere, Etxanizek eta Aizpuruk edozein aurkari estu hartzeko bikotea osatzen dute; iaz kadeteetan txapeldun geratu eta aurten gazteetan beste hainbeste egitekotan zetozen Gallurralde eta Jaka kanporatu zituzten finalerdietan.