Gandiaga II eta Garaizabal-Garitagoitia txapeldun trinketean

Anboto 2010ko mar. 24a, 12:36

Badiola iurretarra hirugarren aldiz txapelerako azken pausua eman ezinik geratu zen.

Bizkaiko Eskuzko Trinkete txapelketak joan zen barikuan bukatu ziren Abadiñoko Tornosolon. Bertan Lekeitioko Liher Gandiaga –banaka- eta Garaizabal-Garitagoitia bikoa -2.maila- suertatu ziren txapeldun. Lekeitioko aurrelari txiki eta biziak ez zuen eragozpenik izan Gordon sopeloztarraren kontrakoan. Gandiaga zen faborito baina Ikerrek eginiko txapelketak ezustekorako tartea libre uzten zuen. Halere, Gandiaga II-ak txapela berritu zuen. Bigarren mailakoan ere faboritoek irabazi zuten, baina ez estuasunik barik. Garaizabal eta Garitagoitia mallabitarrak, partidu osoa eroso aurretik joan ostean Abadiñoko Atxarte klubeko Azkarraga eta Badiolaren kontrakoan, azken txanpan, finala galtzeko zorian egon ziren (39-28 / 39-37). Pilota bat Azkarragari baztertu eta azken tanto egin ostean lasai hartu zuten arnasa garaileek. Badiola iurretarra hirugarren aldiz txapelerako azken pausua eman ezinik geratu zen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!