Aspaldiko finalik lehiatuenean denboraldiko bigarren txapela irabazi du Abadiñok

Anboto 2009ko abe. 21a, 13:40

Orain arte goma gaineko txapelketan jokatu diren final bietan Abadiño sokatira taldeak irabazi du.

Orain arte goma gaineko txapelketan jokatu diren final bietan Abadiño sokatira taldeak irabazi du. 320koaren ondoren, atzo Arrigorriagan 300 kilora arteko txapela jantzi zuten Edu Mendizabalen mutilek. \"Aspaldiko finalik estuenean eta lehiatuena izan zen\", Edu Mendizabalen esanetan. \"Seigarren geratu zen Sokarriri irabazteko ere lanak izan genituen; baina ez guk bakarrik, denek baizik\". Abadiñok lehia bi berdindu —Amaiur A eta Ibarraren kontra— eta beste guztiak irabazi zituen. Finalera sailkatzeko jardunaldi bietan Amaiurrek oso indartsu zegoela erakutsi zuen. Ematen zuen txapelketa irabazi zezaketela, baina Abadiñok tiraldi batetik besterako errekuperazio hobea erakutsi zuen; hortxe egon zen txapelketako gakoa. Lauko txapelketak amaitu dira eta hemendik otsailera arteko txapelketak zortziko taldeekin jokatuko dituzte. Hurrengo hitzordua 680 kilora artekoa da; urtarrilaren 9an, Abadiñoko probalekuan. Bost taldek bakarrik parte hartuko dutenez, Abadiñokoa finala izango da. Abadiño normalean erosoago aurkitzen da zortziko txapelketetan. Gainera, otsailaren 24an, 25ean eta 26an Italian izango den Mundialerako prestaketa egokia egiteko baliatuko dituzte zortziko txapelketak. Orain urte biko Mundialean urrezko domina irabazi zuten 600 kilotan eta brontzezkoa 560 kilotan. \"Lehiakortasun handia egoten da eta gure helburua pisuren baten podiumera igotzea izango da\". 320 kilora arteko finaleko sailkapena - Abadiño: 16 puntu - Amaiur B: 10 - Ibarra: 7 - Amaiur A: 6 - Berriozar: 3 - Sokarri: 1
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!