Tornosolo Kopa irabazi du Rober Uriartek

Anboto 2009ko urr. 8a, 17:18

Rober Uriartek Tornosolo Kopako buruz buruko txapela jantzi du finalean, Mikel Gonzalez 40-29 menderatuta.

Finalista biek erraz atera zituzten aurrera finalerdietako konpormisoak. Uriartek Iker Etxebarria kanporatu zuen, eta Gonzalezek Agirre urruñarra. Finala azken emaitzak aditzera ematen duena baino kitzikagarriagoa izan zen. Lan erdietan Uriartek aldapa gora zuen norgehiagoka (14-24).

Orduan hasi zen abadiñarraren erreakzioa, eta 17 tanto errenkadan egin zituen:  31-24. Hortxe hautsi zuen finala. Partiduko bigarren zatian Uriarte jaun eta jabe izan zen kantxan, eta eroso iritsi zen 40ra. Berriztarrak lanean fin jarraitu arren, ez zuen tantoa amaitzerako orduan asmatu.
Finalaren aurretik jokatutako partiduan ezustekoa eman zuten irabazleek. Gordon eta Etxebarria faborito ziren, baina Arabiourrutiak eta Ugartek irabazi zieten (40-24). 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!