Aitor Martínez eta Txus Jaio, nor baino nor arinago

Anboto 2009ko abu. 27a, 12:43

Irailaren 13an Astolako industriagunean garatuko den Supermotar Txapelketaren barruan, erakustaldi bitxi bezain erakargarri bat antolatu dute antolatzaileek. Aitor Martínez motor gidaria eta Txus Jaio auto gidaria bata bestearen kontra lehiatuko dira lasterketa batean.

Nobebadez beteta datorkigu irailaren 13an Asier Martinezen oroimenez ospatuko den II. Supermotard Lehiaketa. Aurten lehenengoz, Matienatik Astolako industriagunera tokialdatu dute zirkuitua. Antolatzaileen esanetan Udalak kexak jaso izan ditu egun osoz aparkalekua okupatuta edukitzeagatik, eta horregatik izan dute lekuz aldatu beharra.

Aldaketak ez dio txapelketaren mailari erasango. Alderantziz, zirkuitu ikusgarriagoa eratuko dute, mota guztietako bihurguneekin. Txapelketa supermoto, scooter eta quadetan korrituko da, eta Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da.

Txapelketaz kanpora hainbat ekitaldi daude, eta denetan berezienak Txus Jaio auto gidari markinarra eta Aitor Martínez motor gidari abadiñarra aurrez aurre jarriko ditu. Kontrako noranzkoan irtengo dira elkarri trabarik ez egiteko, eta oraindik zehaztuko gabeko hainbat itzuli emango dituzte, nor baino nor arinago helduko. “Proba horrek kuriositatea eta ikusmina eragingo duela espero dugu”, dio Martínezek.

Horrez gainera, egun osoan zehar motorren kontzentrazioa egongo da. Azkenik, lasterketen ondoren, motorren inguruko jai handiari musika jaialdi batek emango dio amaiera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!