Gaur astebete Santoñan (Kantabria) jokatutako emakumezkoen erlojuaren aurkako Espainiako Txapelketan, Eneritz Iturriaga abadinarrak ezin izan zuen bere egin eskura zuen garaipena. Zorte txarra izan zuen lasterketa-lagun Iturriagak. Abadinarrak lasterketako denborarik onena egin zuen bitarteko kronometrajean, baina, bizikleta birritan aldatu behar izanak eta erruberaren zulotzeak, laugarren titulu nazionala erdiestea eragotzi zioten Safi-Pasta Zara Titanedi taldeko txirrindulariari.
Eneritz Iturriaga triste eta haserre agertu zen lasterketaren amaieran. “Argi ikusi da bitarteko kronometrajean indartsuena izan naizela, eta izandako arazo denek lasterketa hondatu didate. Hori gutxi ez, eta zilarrak ere ihes egin dit”.
Débora Gálvez txirrindulari kataluniarrak ikusi zuen, berriz, txanponaren alde atsegina. Gálvezek 32 minututan eta 57 segundotan egin zituen ibilbidearen 23 kilometroak; Gema Pascual madrildarrak baino lau segundo bizkorrago eta hirugarren postua lortu zuen Leire Olaberriari 10 segundoko tartea atereaz. Eneritz Iturriaga lau segundotara geratu zen hirugarren postu horretatik.