Armyarma taldeagaz joko du larunbatean Abadiñoko Muted taldeak disko guztien aurkezpena egiten duten eta euren “etxe moduan” sentitzen duten Plateruenean. Duela hiru aste kaleratu zuten Inox diskoa aurkeztuko dute.
Formazioan aldaketak izan dira aurreko diskoa (Sena) argitaratu zenutenetik, ezta?
Bai, Aitzol eta Anderrek utzi zuten taldea, eta Sena diskoaren bira amaitzear geundela Tito baxu- jotzailea sartu zen taldean, iazko ekainean. Sei gara, beraz, orain Muted osatzen dugunak.
Inox diskoa formazio horrekin sortutakoa da, beraz.
Bai. Irailean hasi ginen disko berrirako kantak izango zirenak sortzen eta prestatzen, eta martxoan sartu ginen estudioan grabazioa egiteko.
Zelan joan zen grabazioa?
Bi aste egon ginen Berrizko Lorentzo Records estudioan grabazioa egiten, eta Madrilera joan ginen gero, Alberto Seara eta lehen Sober taldean zebilen Carlos Escobedorekin nahasketak egiteko.
Aurreko diskoa zuzenean aurkezten urtebete eman duzue.
Bai. Aurreko diskoa orain urte bi kaleratu, urtebete inguruan kontzertuak eskaintzen aritu, eta beste urte erdi inguru disko berria prestatzen ibili gara.
Zer sentsazio utzi zizuen iazko bira hark?
Aurrekoa apur bat ahaztuta ere badaukagu, egia esanda; Inox aurkezten hasteko gogoa da orain daukaguna. Baina ondo egon zen bira; batez ere, Bizkaia aldean aritu ginen.
Aurreko diskoan abeslari bi, eta oraingoan bakarra daukazue.
Bai, Aitzol eta Eneko ziren lehen abeslariak, eta orain Aitzolek taldea utzi duenez, Enekoren ahotsa bakarrik dago mikroan.
Zelakoa da Inox?
Batez ere, ahotsari dagokionez aldaketatxoa badago: disko honetan ez dago garrasi bat bera ere, dena da melodikoagoa. Aurreko diskoarekin eta lehenengoarekin daukan alde nagusia horixe da: ahotsarena.
Ahotsaren aldaketa esanguratsua da, beraz?
Bai. Jende batentzako, zelanbait “entzungarriagoa” izango da disko hau: ahots bortitz hori ez dagoelako gustatuko zaie batzuei gehiago... Nahiz eta beste batzuei justu arrazoi horrexegaitik gustatuko zaien aurrekoa baino gutxiago... Aldaketa bat eman behar zen, eta onerako izan dela uste dugu.
Diskoko kantak sortzeko prozesua zelakoa izan da?
Aurreko diskoetan legez, lokalera ideia solteak ekarri ditu taldekide bakoitzak. Horrekin, gero, denok elkarrekin sortzen ditugu kantak. Ondoren Enekok hitzak eta melodia lantzen ditu etxean. Sortze-prozesuak horrela izaten dira: lau ideiarekin etorri lokalera, eta gero denon artean garatuta sortzen dira.
Zergaitik joan zarete Madrilera nahasketak egitera?
Hemen zelan egiten den ezagututa, hemendik kanpo zelan lan egiten duten probatu nahi genuen. Hemen lortu ez dugun puntu estra hori eman nahi genion diskoari. Emaitzarekin oso pozik gaude. Soinuari dagokionez, kalitatea bilatzen genduen.
Musikalki aldaketarik badago disko honetan?
Lehenago Muted entzun duenak Muted dela jakingo du, ez da aldaketa handia gertatu, nahiz eta Euskadi Gaztean single moduan darabilen kantak ez duen hori islatzen. Diskoan gehigarri moduan sartu dugun abesti bat dabiltza diskoaren aurkezpen legez ematen, baina esanguratsua ez dena. Hori baino entzun ez duenak pentsatuko du aldaketa handia izan dela, baina ez da horrela.
Zer abesti litzateke zuen ustez irratian ipintzeko single-lik onena?
Hainbat daude diskoan: Maila berean, Hilzorian, Une latzak. Hainbat lirateke aproposak irratian aurkezpen legez ipintzeko.
Aurrekoetan baino elektronika gehiago dago?
Esaten dutenez, 80ko hamarkadako doinuak ekartzen ditu diskoak gogora, hori dinoskue behintzat... Baina bai, beharbada badauka protagonismo handiagoa elektronikak eta programazioak Inox disko honetan.
Beste aldaketarik bada?
Diskoaren eta taldekideon estetika be aldatu da, bai: lehen ilunagoa zen. Musikaren estiloa aldatu denez, taldekideak aldatu direnez, estetika eta eszenaratzea be aldatu dira.
Platerueneko aurkezpenerako zer prestatu duzue?
Asko landu dugu ekainaren 13ko aurkezpena: hainbat sorpresa izango dira, eta Aitzolek ere parte hartuko du. Aurkezpeneko espektakuluak emango du hizpiderik, bai.