Renobales eta Loiolak jantzi dute txapela nagusietan

Anboto 2009ko mai. 4a, 12:42

Renobales eta Loiola erraz nagusitu ziren San Prudentzio Pilota txapelketako finalean. 22-10 irabazi zieten Baez IIak eta Landiribarrek osatutako bikoteari. Gazteetan Asier Aspuru abadiñarra azpitxapeldun geratu zen.

Renobales eta Loiola erraz nagusitu ziren San Prudentzio Pilota txapelketako finalean. 22-10 irabazi zieten Baez IIak eta  Landiribarrek osatutako bikoteari. Gazteetan Asier Aspuru abadiñarra azpitxapeldun geratu zen.

Hiru finaletan ere ez zen emozio handirik egon, baina noizetik noizera tanto borrokatuak eta politak ikusi ziren. Renobalesek eta Loiolak goitik behera agindu zuten nagusietan. Baez IIa eta Landiribar bezperan partidu bat jokatzetik zetozen eta asko igarri zuten. Fisikoan zegoen aldeari Renobalesen inspirazioa gehitu behar zaio; oso ondo jokatu zuen alegiarrak.

Gazteetako finala hasieran erabaki zen. Iriondo eta Murgiondo 13-0 aurreratu ziren eta Aspuru eta Olaetxearentzako zama astunegia izan zen. Atzean denek espero zuten Murgiondok agintzea; aurrean, ordea, Olaetxeak ez zuen erritmorik jarri  hasiera horretan. Hala ere, partiduaren bigarren zatian lehia orekatu egin zen eta markagailua txukundu zuten (22-14).

Azkenik, kadeteetan Jakaren kolpeak gorrien aldera desorekatu zuen balantza. Gallurralde eta Jakak 22-14 irabazi zuten Elezkano eta Larunberen kontra. Ezker zein eskuin gogor astindu zuen pilota amezketarrak. Gainera, bi-hiru pilota zail defenditzeko ezker bolea erabili zuen, Irujok egin ohi duen legez. Bera izan zen partiduko protagonista.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!