Zornotzako pilotalekuko giro beroak ez zuen pareko ikuskizunak izan kantxan. Launako berdinketara arte ematen zuen partidu gogorra eta orekatua biziko genuela, baina hantxe amaitu zen oreka. Berasaluzek min egin zuen saketik –sei tanto- eta aurrean aukerako pilotak izan zituen nahierara arriskatzeko. Zabala ezinean aritu zen, beti Urberuagaren bizkarretik lanean. Mendizabal gotor ibili zen defentsan, baina kamuts erasoan.
Aipatzekoa da pilotalekuan bizi izan zen giroa. Berasaluzeren eta Zabalaren zaleek ez zuten hutsik egin eta etengabe animatu zituzten beren pilotariak. Urberuagak ere aldeko animo asko izan zituen aulestiar asko bildu zirelako Zornotzan.

