Asteon eman dizkiete Abadiñoko Txanporta kultur etxean San Blas eguneko Argazki Rallyko lau sailetako irabazleei zegozkien sariak. Sari banaketan izan dira San Blas eguneko Argazki Rallya antolatzen duen Udaleko ordezkariak eta sariak jasotzera joandako lau argazkilariak.
Otsailaren 3ko eguerdia arte emandako tartea epaiamahaiak emandako gaiak ondoen islatuko zituzten uneak euren kameretan gordetzen jardun zuten 20 parte-hartzaileek Zelaietan.
Epaiamahaiak bost sari banatzea zen aurreikusitakoa; ganaduari egindako argazki onena, postuei egindako hoberena, kaleko giroa ondoen islatzen zuena, gai librean egindako argazki adierazkorrena eta Abadiñoko argazkilari batek hartutako argazki onena sarituko zituzten.
Antolatzaileek azaldu dutenez, kaleko giroaren arloan aurkeztutako irudiek “gutxieneko mailarik ez dutelako izan” banatu barik utzi dute sari hori. Beste lau sariak jaso dituztenak dituzten argazkilariak aldiz: Aitor Ortiz –ganaduari egindako argazki onenaren saria–, Carlos Mediavilla –erakusmahaiei egindako argazki onenaren saria–, Felix Hierro –gai librean hartutako argazkiari dagokion saria– eta Koldo Cobos –herriko parte-hartzaile batek egindako argazkirik onena– izan dira.
Saria jaso duten argazkiak, parte-hartzaileek San Blas egunean hartu eta lehiaketara aurkeztutako beste launa argazkirekin batera, otsailaren 14a arte daude Txanporta kultur etxean ikusgai. Aurtengo ediziora arte formatu analogikoari lekua egiten zion lehiaketan lehenengoz digitalera mugatu den lehiaketaren uzta ikustekoa baita.