Gonzalez eta Etxebarria sanblasetako txapeldun

Anboto 2009ko ots. 9a, 13:47

Mikel Gonzalez berriztarrak San Blasetako XXV. Pilota Txapelketa irabazi du Iker Etxebarriarekin bikotea osatuz. Lehen mailako eskuz binakakoa, hiru finaletatik ederrena izan zen.

San Blasetako XXV. Pilota Txapelketako garaikurrek badituzte beren jabeak. Gomazko Paletan Praderak eta Ibarrak ezin izan zuten Etxarri eta Okarizen segurtasunarekin (18-30). Eskuz binaka eta promesen mailan Azkarra eta Garitagoitiak 30-28 irabazi zieten Garaizabal eta Ziarrustari, jokoa baino emozio handiagoa izan zuen finalean.

Tornosolo trinketera batutako zaleen pilota gosea benetan asetu zuena eskuz binakako nagusien mailako finala izan zen. Mikel Gonzalezek eta Iker Etxebarriak osatutako bikoteak 40-26 irabazi zion Martin Ia eta Larrazabalek osatutakoari. Tanto polit asko jokatu zituzten eta kalitatezko partidua jokatu zuten. Mikel Gonzalez berriztarrak ederto jokatu arren, Etxebarria arratiarra izan zen protagonista nagusia. Gazte mailako pilotariak nagusien pare jokatu zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!