Durangaldeko Vicente Moreno, Arrate Bañeras, Peru Magdalena eta Barbara Vera poetak, eurek sortutako zein beste batzuek idatzitako poemen errezitaldia egingo dute abenduaren 18an, 19:00etan hasita, Abadiñoko Errota kultur etxean.
Orain zazpi urtetik egin izan duten eran, Abadiñoko Moreno idazleak antolatu eta Abadiñoko Udaleko Kultura Sailak babestutako errezitaldian batuko dira eskualdeko lau poetak.
Aurrekoetan ez bezala, baina, udazkeneko iluntze batean egingo dute, Gabonen atariko arratsalde batean. Azken zazpi urteetako errezitaldi gehienak udaberri partean antolatu izan dituztela azaldu digu Morenok, “idatzi ere, udaberrian gehiago idazten dugulako askok”. Ekitaldia udazken ingururako antolatzeko enkargua egin dio aurten Udalak, eta horrenbestez, abenduaren 18rako egin dute errezitaldirako hitzordua.
Errota kultur etxeko emanaldian, Hutsik poema liburua aurkeztu berri duen Peru Magdalena, Vicente Moreno bera, Barbara Vera eta Arrate Bañeras arituko dira poemak irakurtzen. Horren aurretik, Baqué kafe-dastaketa izango da Abadiñoko kultur etxeko atarira gerturatzen diren herritarrentzat, errezitaldiko entzule izango direnentzat.