Finalak eta desafio erakargarria daude gaur Tornosolo trinketean

Anboto 2008ko urr. 31a, 14:01

Tornosolo Kopako finalen lekuko izateaz gainera, Abadiñoko trinketeak Waltary-Harismendi eta Uriarte-Antxiaren arteko binakako desafioa ere hartuko du gaur

Tornosolo Kopako finalen lekuko izateaz gainera, Abadiñoko trinketeak Waltary-Harismendi eta Uriarte-Antxiaren arteko binakako desafioa ere hartuko du gaur.

tornosolo.JPGIkuskizun eder eta erakargarriarekin gozatu nahi duen pilotazaleak, ezin du hutsik egin gaur Abadiñoko trinketean antolatu duten jaialdira. Batetik, Tornosolo Kopako finalak jokatuko dira, 18:00etatik aurrera. Bestetik, jaialdiari goi mailako amaiera emateko, gaur trinketean dauden pilotari onenetakoek, Waltaryk eta Harismendik, abadiñoko bikotearen aurka jokatuko dute.

Tornosolo Kopako finalean ez dugu eskualdeko ordezkaririk izango, nahiz Mikel Gonzalezek merezimenduak egin zituen gaurko protagonistetako bat izateko. Finalerdietan Iparraldeko Bonetbelche Hervé-ren aurka jokatu eta 40-39 galdu zuen.

Munduko Kopan Frantzia ordezkatuko duen pilotariari hortzak erakustea ez da gutxi, baina finala tanto bakarrera geratu izanak amorrazioa eman behar du. Dena dela, berriztarrak baditu gustura egoteko arrazoiak, txapelketa ederra osatu baitu.

Bonetbelchek Etxebarria izango du arerio Lehen Mailako finalean. Artearrak xehatu egin zuen Medina mexikarra (40-12). Finalerdietarako zuzenean sailkatuta zegoenez, Medinak huraxe izan zuen Kopako lehen partidua eta baita azkena ere. Ez zuen bere mailarik eman.

Etorkizunekoen mailan Imanol Cerezo eta Iker Etxebarriaren artean dago txapela. Cerezok erraz lortu zuen finalerako pasea Garaizabal 30-18 menderatuta. Etxeberria dimoztarrak, bere aldetik, ezusteko emanda kanporatu zuen Iker Gordon (30-27).

Benetako desafioa

Rober Uriarte eta Ander Antxiak desafio zaila izango dute final bien ondoren. Trinketeko izarrik handienetakoa den Agusti Waltaryk, Thierry Harismendyrekin osatuko du bikotea, abadiñarrak menderatu asmoz.

Kubatarrak boleako posturan bizi ematen dio pilotari eta konfiantzaz dagoenean oso pilotari arriskitsua da. Harismendyk, berriz, ez du hausten baina bera haustea ere ez da erraza.

Abadiñar biak aurrelariak dira, baina kolpe biziagoa duenez Antxiak atzean jokatuko du. Gainera, Uriarte abilagoa da aireko jokoan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!