
Duela bost hilabete elkartean batutako 10 taldekideetariko batzuek lehenago ere izan dute Plateruena eszenatoki: azaldu digutenez, orain 3 urte ere bakarrizketak eskaini zituzten bertan. Banarte talde sortu berriarekin prestatutako lanaren hirugarren emanaldia izango dute maiatzaren 23an antzokian Rafa, Loli, Erlantz, Ekaitz, Jabi, Ainhoa, Oskar, Harkaitz eta Anak. Lan horretan parte hartzen ez duen arren, Ana ere sartu da taldean. Antzerki talde moduan izenpetu dute Banarte urte hasieran, aurretik herrian izan diren antzerki tailer eta ikastaroetan elkar ezagutu izan duten antzezleek. Ez ohikoa dute Banarten funtzionatzeko modua, azaldu digutenez, elkartea osatu dutenak antzezleak direlako, eta irabazi asmorik barik lanen ekoizle lana ere egiten dutelako: antzezlanetarako zuzendariak, teknikariak eta abar bilatzeaz eurak arduratzen dira.
Tailerrak antolatzen
Antzezlanak oholtzaratzea dela euren jomuga nagusia esan digute, baina, horrez gainera, antzerki tailer eta ikastaroak ere antolatzen dihardute: maiatzaren 31n Ander Lipusen eskutik jasoko dutena eta ekainaren 7an clown tailerra izango dira, besteak beste. Antzerki tailerrotan Banarte elkarteko kideek ez ezik, interesa duen orok hartu ahalko du parte, eta elkartera gehitu ere bai, noski.