“Caparrosek nigan konfidantza dauka eta oso pozik nago”

Anboto 2008ko mai. 9a, 15:08

Ander Iturraspe (Abadiño, 1989) Athletic-en lehen taldeagaz entrenetan dabil azken aldian. Joaquin Caparrosek oso gustuko dau futbolaria eta baliteke datorren denboraldian lehen taldeagaz debuta egitea. Beragaz egon gara eta pozik dagoela esan deusku.

Azken aldian lehen taldeagaz entrenatu zara eta ezagun da Caparrosek konfidantza daukala zugan. Zelan sentitzen zara lehen taldeagaz?
Hasieran urduri samar baina gero eta hobeto sentitzen naz. Ikusten dot entrenatzaileak konfidantza daukala nigan eta oso pozik nago.
Oraindik gaztea zara baina ia bizitza osoa emon dozu Athletic-en. Zelan sartu zinen lehenengoz?
Duela denpora asko izan zan. Zehazki Alevin Bn sartu nintzen, hamar urtegaz. Eta ordutik beti egon naz beheko kategorietan.
Ingurukoek zer esan dotsue Athletic-egaz ikusi zaituenean?
Oso pozik eta oso harro dagoz nitaz. Beti lagunekaz ibili izan naz eta orain lehen taldeagaz egoterakoan txundituta geratu ziren baina oso pozik.
Koikili, Amorebieta, Ustaritz, …durangaldeko jokalari ugari dagoz lehen taldean. Nabarmena da beraz durangaldeko jendearen presentzia.
Bai, ni oraindino ez nago lehenengo taldean baina ikusten da gero eta gehiago garela. Ustaritz eta Amorebietagaz betidanik joan izan naz autobusean lezamara eta orain begira non dagozan.  
Jokalari guzti horreek lagunduko eutsuen hasieran ezta?
Bai, asko. Hasieran ez nekien nogaz egon eta Ustaritzek eta Susaetak asko lagundu deustie. Nigaz berba egiten eben entrenamenduetan eta nire ondoan egon dira beti.
Debuta noiz?
Prentsan esaten ebenez Valentzia edo Real Madrilen kontra izan zitekeela debuta baina aurten jadanik ezingo dot debutatu erreglamentazinoa dala ta. Ia datorren urtean aurredenboraldia lehen taldeagaz egiten dodan eta debutatzeko aukera dodan.
Eta debutatuko bazendu, ametsa bete dozula esan zeinke?
Dudarik barik. Txiki-txikitatik egon naz Athletic-en eta beti ikusi izan dodaz Joseba Etxeberria, Guerrero edo Ezquerro moduko jokalariak izar moduan. Beraiekin egotea ikaragarria izango leiteke niretzat.
Peio Agirreoak berba politak baino ez daukaz zuretzat. Komunikabideetan be agertu da zuri buruzko deklarazinoak eginez eta futbolari aparta zarela esan dau. Zelan hartu dozuz berba horreek?
Oso ondo. Peiok beti konfidantza izan dau nigan eta esan daben guztia ona izan da. Gauza batzutan pixkat exageratu egin dau baina ondo hartu dodaz berbok.
Baskonia taldean zagoz baina Kike Liñerok Bilbao Athletic-egaz jokatzen be eroan zaitu. Zelakoa izan da bigarren B mailan jokatzeko esperientzia?
Uste nebana baino gatxagoa egia esateko. Maila altuko taldeak dagoz bigarren B mailan eta asko igartzen da. Jokalari asko gainera lehen mailan jokatu dabenak dira eta esan bezala hori asko igerten da.
Baskonia izugarrizko denboraldia egiten ari da. Zein da play off postuetan egoteko sekretua?
Hamasei partidu daramatzagu galdu barik eta sei jarraian irabazi doguz. Hasieran txarto hasi ginen, jubeniletatik hirugarren mailarako saltoa hasieran gatx egin jakulako. Izan be, taldeak oso gogorrak dira fisikoki baina kategoriara egin gara azkenean.
Bukatzeko, Athletic intertotorako sailkatuko dala uste dozu?

Aukera hor dago baina ez dakit. Talde gogorrak egon arren, matematikoki aukerak egon arte hor jarraitu behar dala uste dot. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!